Koronabirusa Azpeitian

June Rezabal: "Hasieratik kalera ateratzeko baimena izan dugu, baita eguzkia hartzeko eta kirola egiteko ere"

Uztarria.eus 2020ko mai. 6a, 13:24

June Rezabal.

Eskoziako Dundee hirian bizi da June Rezabal (Azpeitia, 2001), eta koronabirusaren krisiak bete-betean harrapatu du han. Rezabalek unibertsitateko klaseak online jasotzen zituen lehendik ere, eta alde horretatik, "aldaketa handirik ez" duela jasan nabarmendu du.

Eskozian bizi zara. Nolatan joan zinen hara bizitzera?

Ikasketak egiten ari naiz. Betidanik nahi izan dut atzerrira joatea, eta horretarako lehen pausotzat hartu nuen ikasketak kanpoan egitea. Ingelesa gustatzen zaidalako eta hitz egiten dudalako, hizkuntza hori hitz egiten duten herrialdeak ziren niretzat aukerarik egokienak. Gertutasunak eta nik nahi nituen ikasketak Eskozian egoteak ekarri nau hona. Fitness, Nutrition and Health ikasketen lehenengo urtea amaitu berri dut unibertsitatean.

Ingelesez ari zara egiten ikasketak. Zer moduz moldatzen zara?

Ohitze kontua da. Hizkuntza hitz egiteko dituzun mugek baino gehiago eragiten dute hitz egiteko orduan dituzun beldurrek eta kezkek. Denborarekin eta jendea ezagutzearekin konfiantza irabazten da, eta askoz errazagoa da jendearekin komunikatzea. Klaseetako edukiei dagokienez, orokorrean errazak dira ulertzeko, baina beti topatzen ditut ikasteko hitz berriak, ohikoa den moduan.

Eskoziarren azentua ulertzeko zaila dela esaten dute.

Egia esan behar badut, eskoziarrekin baino gehiago ibiltzen naiz kanpotarrekin. Hala eta guztiz, esango nuke Glasgow eta Dundee hirietako azentuak zailak direla ulertzeko batzuetan. Orokorrean, ordea, eskoziarren ingelesa ondo ulertzen da.

Brexitak zalaparta eragin du Erresuma Batua osoan. Eraginik izan al du horrek zure egonaldian eta ikasketetan?

Eskozian, orokorrean, Brexitaren aurkako jarrera dago, eta Eskoziako Gobernuak autonomia dezente du. Nik, pertsonalki, ez dut Brexitaren aldaketarik eta ondoriorik jasan oraindik, baina ziur nago aldaketak etorriko direla etorkizunean.

Zer-nolako eragina izan du koronabirusak Eskozian?

Koronabirusak eragin handia izan du Eskozian, batez ere ni bizi naizen hirian, Dundeen, ikaslez beteriko hiria baita. Dundeek bi unibertsitate ditu, eta ikasle gehienak ez dira bertakoak, ezta eskoziarrak ere. Beraz, koronabirusa hedatu zenean, ikasle askok alde egin zuten hiritik, eta dendak, kiroldegiak, unibertsitateak, tabernak... itxi egin zituzten. Horrek guztiak jende gehiago bultzatu zuen alde egitera. Azkenengo asteak lasaiagoak izan dira, eta beste ingurugiro bat sumatzen da, lasaiagoa. Halere, oraindik ez gara bueltatu normaltasunera.

Jendeak errespetatzen al du konfinamendua?

Hemen ez da konfinamendurik egon. Hasieratik kalera ateratzeko baimena izan dugu, baita eguzkia hartzeko eta kirola egiteko ere. Hori bai, gobernuak esan zuen taldeetan biltzea debekatuta genuela. Supermerkatuetan eta beste denda batzuen hainbat neurri ipini dituzte, baina beste mugarik ez dute jarri eguneroko bizitzari dagokionez.

Ondo egokitu al zara unibertsitateko klaseak online jasotzera?

Gure klaseetako edukiak Internet bidezkoakziren bestela ere. Beraz, aldaketa handirik ez dugu jasan. Internetera igotzen dute behar den material guztia, eta online lan eginez moldatzen gara ikasleok. Beste unibertsitate ikasketa batzuetan klaseak online izan dituzte, beste batzuetan Skype bidezko bideo-deiak... Baina beti ematen digute ikasleoi nahi dugun klaseetan parte hartzeko askatasuna.

Pentsatu al zenuen egoera ikusita Azpeitira bueltatzerik?

Bai, egoera globala ikusita pentsatu nuen Azpeitira bueltatzea, baina Espainiako egoera ikusteak erabaki sendo bat hartzera bultzatu ninduen: hemen gelditzea erabaki nuen. Niretzat hemen izan dugun askatasuna oso garrantzitsua da, eta argi zegoen hango egoera ez zela erakargarria. Halere, Euskal Herrira bueltatzeko asmoa dut, uda pasatzeko bada ere.

Zer da Euskal Herritik faltan gehien sumatzen duzuna?

Familia. Etxearekin eta etxekoekin lotura handia dut, eta hemen oso ondo nagoen arren, faltan sumatzen ditut maite ditudanak.

Noiz arte jarraituko duzu Eskozian?

Eskozian unibertsitateko ikasketak amaitu arte gelditzea da nire asmoa, eta hiru urte gelditzen zaizkit horretarako.