Koronabirusa Azpeitian

Azken orduetan ez dute COVID-19 kasu positibo berririk baieztatu herrian

Uztarria.eus 2020ko mai. 5a, 15:27

Nabarmen ari da moteltzen kutsatuen kopurua Euskal Herrian. Azken orduetan 13 kasu atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 12.251 lagunek jaso dute dagoeneko senda-agiria. Dena den, sendatutakoen herriz herriko datuak ez ditu ahalbidetzen Jaurlaritzak. Azpeitian kutsatutako herritarrak hamasei dira, datu ofizialen arabera; azken egunetan ez da aldatu zenbatekoa.

Koronabirusaren hedapena moteldu egin da Hego Euskal Herrian, eta Urola Kostako datuek ere joera berbera adierazten dute. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak eguerdian plazaratu dituen datuen arabera, azken orduetan ez dute COVID-19 kasurik atzeman eskualdean, ezta Azpeitian ere. Datu ofizialen arabera, kontaketa hasi zutenetik eskualdeko 259 lagun kutsatu dira koronabirusarekin, baina azken egunetan ez du gora egin kopuruak. Honako hauek dira kutsatuen kopuruak herriz herri: Zarautzen 142 lagun; Zumaian 48; Orion eta Azkoitian hamazortzina; Azpeitian hamasei; Getarian eta Zestoan bosna; Aian lau; eta hiru Aizarnazabalen.

Bestalde, nabarmentzekoa da koronabirusa zabaltzen hasi zenetik sendatu diren bizilagunak asko direla. Eusko Jaurlaritzako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 12.251 lagunek jaso dute senda-agiria, baina ez dituzte sendatutakoen herriz herrikako datuak ahalbidetzen; beraz, ezin da jakin gaur egun zenbat lagun dauden kutsatuta eskualdean. Horrez gain, badira koronabirusaren sintomak izan arren, probarik egin ez dieten herritarrak ere. Horregatik, oso zaila da gaitzaren benetako zabalkundea ezagutzea.

Lurraldekako datuak

Eusko Jaurlaritzak emandako azken datuen arabera, azken orduetan 13 kasu berri atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horiek kontuan hartuta, kontaketa hasi zenetik, orotara, 16.426 lagun kutsatu dira. Horrez gain, hamabi pertsona hil ziren atzo, eta guztira, 1.353 dira COVID-19 gaitzarekin hildakoak. Nafarroako Gobernuak ere argitaratu ditu datu eguneratuak, eta zenbaketa hasi zutenetik, guztira, 6.511 pertsona kutsatu direla eta 471 zendu direla azaldu dute.