Koronabirusa Azpeitian

Mendi gainetako bazkaren garaia

Uztarria.eus 2020ko mai. 5a, 14:30
Azpeitiko Bildotsolako artzaina, igandean, Izarraitzen. (Nerea Uranga)

Ohi bezala, maiatzaren lehenean ireki zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko mendietako larreak. Berastegi baserrikoek Izarraitzen eta Mandubian izaten dituzte ardiak; Abel Segurola artzainak, Aralarren.

Koronabirusak eragin duen larrialdi egoerak urteroko hainbat ekintza, festa eta egiteko hankaz gora jarri ditu. Baina badira bere horretan mantendu diren kontuak ere; izan ere, urtero legez, maiatzaren 1ean zabaldu zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko eskualde eta bailara ezberdinetako mendietako larreak. Foru erakundeak emandako datuen arabera, 562 abeltzainek 41.466 abelburu igoko dituzte larreetara, 35.626 ardiren, 2.956 behiren eta 2.884 zaldi eta behorren igoera baimendu baitu aldundiak. Hilaren lehen egunean Gipuzkoako mendietako 22 larre zabaldu zituzten: Azpeitiko Izarraitz eta Aralar, kasu. Abereak mendiko larreetan izango dira udazken amaierara edo negura arte.

Foru Aldundiak mendietako larreak "txukun eta egoera onean mantentzeko" abeltzainen ezinbesteko lana azpimarratu du. Arantxa Ariztimuño Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendariak belaunaldiz belaunaldi abeltzainek mendiko larreak mantentzeko egin duten lana nabarmendu du: "Gizaldiz gizaldi gure arbasoek Gipuzkoako mendietan atera dute bizimodua, bertan lan eginez, eta gure mendiei egun daukaten itxura eman diete".

Azpeitian, Izarraitz mendikatearen magalean dagoen Berastegi baserriko Maria Luisa Alberdik ere "lurraren" garrantzia nabarmendu du. "Guk jaten eta ekoizten ditugun produktuek kalitatea izateko, lurra zaindu beharra daukagu". Xoxote ardi gazta ekoizten dute Berastegin, eta egunotan lan horretan ari dira: gazta egiten. Horregatik, ardiak etxe inguruko belardietan dituzte. "Saninazioak bitartean inguruko larreetan ibiliko dira gure ardiak, eta gazta egitea bukatzen dugunean igoko ditugu mendiko larreetara. Banatu egiten ditugu ardiak, batzuk Izarraitzeko larreetan utziz eta beste batzuk Mandubia aldera eramanez".

Elosiagatik Aralarrera

Azpeitiko Elosiaga auzoko Abel Segurola artzainak udaberri-udan Aralarren edukitzen du artaldea. Oraindik ez ditu ardiak hara eraman, baina aste honetan du artaldea lekualdatzeko asmoa. 600 buruko artaldea eramango du Aralarrera, baina ardiez gain, behiak eta behorrak ere edukitzen ditu hango larreetan. Jezteko dauden ardiak kamioian eraman ohi ditu Larraitzera, eta antzuak, berriz, Elosiagatik oinez.