Koronabirusa Azpeitian

Hamaseigarren kasu positiboa, Azpeitian

Uztarria.eus 2020ko mai. 2a, 15:53

Urola Kostan guztira zazpi kutsatu berri zenbatu dituzte azken orduetan: Azpeitikoaz gain, Zarautzen hiru eta Azkoitian, Aizarnazabalen eta Orion bana. Jarduera asistentzialerako itzulera pixkanaka hasiko duela ere iragarri du Osakidetzak.

Atzo bezalaxe, gaur ere gorakada nabarmena izan du positibo berrien kopuruak Urola Kostan. Eusko Jaurlaritzak jakitera eman dituen datuen arabera, azken orduetan COVID-19 gaitzaz kutsatutako beste zazpi lagun hauteman dituzte. Horietako hiru Zarautzen izan dira, eta bana Azpeitian, Azkoitian, Aizarnazabalen eta Orion.

Kontaketa hasi zutenetik, 258 dira eskualdean zenbatutako kasu positiboak, eta honako hauek dira kutsatuen kopuruak herriz herri: Zarautzen 142 lagun; Zumaian 48; Orion eta Azkoitian hamazortzina; Azpeitian hamasei; Getarian bost; Aian eta Zestoan launa; eta hiru Aizarnazabalen.

Hala eta guztiz ere, kontuan izan behar da koronabirusaren pandemia hasi zenetik sendatu eta hil diren bizilagunak ere badirela eskualdean eta, beraz, ez dago datu zehatzak jakiterik, Eusko Jaurlaritzak ez baititu horiek herrika ahalbidetzen. Gainera, badira COVID-19 gaitza izan dezaketen edo pasatu duten eta probarik egin ez dioten herritarrak ere.

Lurraldeetako datuak

Osakidetzak emandako datuen arabera, azken orduetan 150 kasu berri zenbatu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta, orotara, 16.119 dira larrialdia hasi zenetik positibo eman dutenak. Azaldu dutenez, ordea, atzemandako kasu positiboen %73,2k dagoeneko gainditu du gaitza. Hiru lurralde horietan, bederatzi pertsona hil ziren atzo. Guztira, 1.321 pertsona hil dira krisia hasi zenetik.

Bestalde, aldundiak jakinarazi duenez, adineko pertsonen egoitzetan bi lagun gehiagok gainditu dute COVID-19a, eta pertsona horiek Zumaiako Otezuri zentroko egoiliarrak dira. Guztira, 227 dira jada mediku alta jaso duten Gipuzkoako adinekoak.

Osasun asistentzialerako itzulera

Osakidetzak jakinarazi du jarduera asistentzialerako itzulera hasiko duela “pixkanaka”. Hau da, COVID-19 gaitzak eragindako osasun krisiaren ondorioz, programatutako jardueraren zati bat bertan behera utzi zuen Osakidetzak. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren arabera, neurri horiek hartzea “beharrezkoa” izan zuten. Orain, “zuhurtziaz”, baina osasun asistentzialera itzultzeko plan bat jarriko du martxan Osakidetzak. Plan horrek bere baitan hartzen ditu ospitaleetako kanpo kontsultak, proba diagnostiko osagarriak, programazio kirurgikoa eta lehen mailako arreta.