Koronabirusa Azpeitian

Garazi Lazkano: "Mexikon beharra duten pertsonentzako neurriak eta laguntzak falta dira"

Uztarria.eus 2020ko api. 27a, 16:31
Garazi Lazkano, Mexikon.

Duela lau urtetik Mexikon bizi da Garazi Lazkano (Azpeitia, 1994). COVID-19aren krisiak han harrapatu du azpeitiarra. Mexikon ere ugari dira pandemiaren aurrean ezarri dituzten neurriak, eta konfinamenduak goitik behera aldatu dio egunerokoa Lazkanori. Hango egoeraz aritu da solasean Uztarria.eus-ekin.

Zer dela eta zaude gaur egun Mexikon?

Dagoeneko sei urte dira Mexikora aurreneko aldiz etorri nintzenetik. Orduan unibertsitateko ikasketak egitera etorri nintzen. Behin ikasketak amaituta, Mondragon Unibertsitateak Mexikora itzultzeko aukera eman zidan. Izan ere, han sortzen ari ziren fakultatean lana egiteko aukera eskaini zidaten, eta orduz geroztik Mexikon bizi naiz, Queretaro hirian, Mexiko Hiritik hiru ordutara.

Noiz iritsi ziren pandemiaren lehen oihartzunak Mexikora?

Martxoaren erdi aldera hasi ziren eskolak bertan behera uzteko neurriak hartzen. Guk, unibertsitateko langileok, aurreneko astean unibertsitatera joaten jarraitu genuen hurrengo asteetarako eta hilabeteetarako plangintza egiteko, eskolak eta ekitaldiak nola eskaini pentsatzeko, edukiak nahiz komunikatzeko bideak online plataformetara egokitzeko, besteak beste. Martxoaren azkenengo astean hasi ginen etxetik lanean. Gaur egun, dena dago itxita, farmaziak eta supermerkatuak salbu.  

COVID-19 pandemiak denbora gutxian goitik behera aldatu du dena. Nola eragin du guzti honek zure bizitzan?

Erabat aldatu da nire egunerokotasuna. Etxetik egiten dut lan, eta horretara egokitu eta ohitu behar izan nahiz. Bizitza soziala ere goitik behera aldatu zait. Hemen kaleek bizitza asko dute, eta jendeak badu ohitura bizitza kalean egiteko. Lagunen etxeetara joateko ohitura ere bagenuen, bazkariak, afariak eta festak egiteko. Plan edo ohitura horiek guztiak bertan behera gelditu dira. Orain, apenas irteten naiz etxetik.

Nola daramazu konfinamendua?

Nahiko ondo daramat, egia esan. Egunak uste baino azkarrago igarotzen zaizkit. Telelana egiten dut, kirola ere bai, eta txakurra dudanez harekin paseatzera irteten naiz. Beraz, eguna azkar pasatzen zait gehienetan. Asteburuetan mantxoago igarotzen zaizkit orduak. Hori bai, sasoi honetan eguraldi ederrak egiten ditu hemen, eta pena sortzen dit eguraldia ezin aprobetxatzeak. Dena den, osasunez ondo nago, baita ingurukoak ere, eta hori da garrantzitsuena.

Nola erantzun dio jendeak egoerari?

Hasieran, ez ginen egoeraren dimentsioaren jabe. Europako eta Euskal Herriko berri izandakoan hasi nintzen pixkanaka kalera ahalik eta gutxien ateratzen. Pandemia hona iritsi zenean, birusaz kutsatutakoen eta hildakoen zenbakiak goraka hasi ziren, eta jendea orduan hasi zen egoeraren jabe izaten. Gobernua ere orduan hasi zen neurriak hartzen, eta orduz geroztik jendeak nahiko jarrera ona erakutsi duela esango nuke. 

Mexikon handia da pobrezia tasa, eta ugari dira kalean bizi diren pertsonak. Zein neurri hartu dituzte etxegabe dagoen jendeari laguntzeko?

Bai, horrela da; hemen handia da pobrezia nahiz biolentzia tasa, eta zoritxarrez egoera honetan ere oraindik ikusten da jendea kalean lotan. Mexikon falta dira beharra duten pertsonentzako neurriak eta laguntzak. 

Euskal Herrian nabariagoa da indar polizialen presentzia. Polizia asko al dabil han?

Bai, polizia asko dabiltza kalean, baina ez dute isunik jartzen. Pertsonaren bat kalean, pasieran edo kaleko eserlekuetan jarrita ikusiz gero, poliziek abisua ematen dute baina ez dute isunik jartzen, eta jarrera malgua dute. 

COVID19aren krisiak gogor kolpatuko zuen Mexikoko ekonomia ere… 

Jende ugari gelditu da lanik gabe. Queretaro herrian turismotik eta industriatik jende ugari bizi da, eta krisiak gogor kolpatu ditu bi sektore horiek. Mexikon, oro har, ekonomia informal asko dago, kontratu gabeko langile ugari, kaleetako saltzaileak… Familia asko gelditu dira diru sarrerarik gabe, eta egoera honi buelta ematea ez da erraza izango.

Azpeitiko berri jarraitzen al duzu?

Bai, familiarekin eta lagunekin etenik gabe nago harremanetan. Gainera, konfinamendua dela eta inoiz baino bideo-dei gehiago egiten ditugu. Pentsa, amonak ere ikasi du bideo-deiak egiten! Hango hedabideetako albisteak ere irakurtzen ditut, eta ari naiz pandemiaren jarraipena egiten.