Koronabirusa Azpeitian

Datozen bi hilabeteetan ere etxetik lanean jarraitu beharko dute langileek

Uztarria.eus 2020ko api. 22a, 11:50

Espainiako Gobernuak hala erabakita, telelana "lehentasuna" izango da maiatzean eta ekainean ere, aukera hori eskaintzen duten enpresetan. Zaintza betebeharrak dituztenek lanaldia egokitzeko eskubidea izango dute epe horretan.

Espainiako Gobernuak Errege Lege Dekretu batean jaso duenez, telelana "lehentasuna" izango da datozen bi hilabeteetan ere —maiatza eta ekaina—, aukera hori eskaintzen duten enpresetan. Era berean, denbora tarte horretan luzatu egingo dute zaintza betebeharrak dituzten langileek lanaldia egokitzeko edo murrizteko duten eskubidea.

Langileek lanaldia egokitu edo murriztu ahal izango dute beren kargu dagoen edozein pertsona zaintzeko —bigarren mailara arte—; lanaldia %100 murriztu ahal izango dute —kasu horretan, soldatarik gabe—, eta enpresek ezin izango dituzte horregatik zigortu edo kaleratu. Arauan zehaztu dutenez, ikastetxeak eta arreta zentroak ixteak kalte egin dien gurasoek ere izango dute horretarako eskubidea. Kasu guztietan, lanaldi murrizketa 24 ordu lehenago jakinarazi behar zaio enpresari.

Langabezia sariak

Horrez gain, langabeziagatik sariak jasotzeko aukera emango die martxoaren 9tik aurrera kontratuak amaitu zitzaizkien eta probaldian zeuden langileei, eta martxoaren 1etik aurrera beren borondatez lan kontratu bat amaitu eta azkenean bertan behera geratu zen beste lan eskaintza irmo batean hasi ezin izan zutenei. "Aurreko errege dekretuetatik kanpo geratu ziren langileek langabezia saria jasotzeko eskubidea osatu dugu horrela", azpimarratu du Nadia Calviño Ekonomia ministroak.

Beste neurri batzuk ere hartu ditu Espainiako Gobernuak. Besteak beste, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteen araudia aldatu du, ezinbestekotzat jo ahal izateko funtsezko sektoreetako enpresenak ere, baldin eta diru sarrerak murriztu egin bazaizkie mugikortasunaren murrizketaren ondorioz. Beraz, funtsezko jarduerarako ezinbestekoak ez diren langileak sartu ahal izango dituzte lan erregulazioan.