Koronabirusa Azpeitian

Lourdes Alberdi: "Jendea ari da jostunengana jotzen maskarak lortzeko"

Uztarria.eus 2020ko api. 21a, 19:53

Lourdes Alberdi (Azpeitia, 1993) maskarak josten ari da; amarekin eta Trapos dendako Loli Mujikarekin batera, ehun maskara inguru egin ditu Bertan merkatarien elkarteko dendentzat. Herritarrentzat ere hasi da maskarak josten.

Etxean maskarak josten ari zara. Nolatan?

Krisia hasi zenean, maskara eta eskularru falta handia zegoen, eta Bertan merkatarien elkartean komentatu ziguten babes material hori inguratzea nahi zutela, zabalik zeuden saltokiei banatzeko. Trapos dendako Loli Mujikak esan zuen kotoizko oihalak zeuzkala, eta horiekin maskarak egiten hasi zen. Gure etxean bi jostun egonda, hari laguntzen hasi ginen gero, eta hiruron artean egin genituen maskarak. Bertaneko dendarientzako behar ziren maskarak amaitu genituen, eta irekita zeuden denden artean banatu zituzten horiek. Gero, beste maskara batzuk egin genituen, ondoren zabaltzen dituzten dendentzat, haiek ere babes materiala izan dezaten.

Herritarrentzako ere hasi zara maskarak egiten.

Hori da. Erosketak egitera irtetean, ezagunek eta senitartekoek esan izan didate maskarak eginez gero hartuko lituzketela. Horregatik, dendarientzako ez ezik, herritarrentzako ere ari naiz egiten.

Beste jostunik ari al da zeregin berean?

Azoka Plazara joaten ziren herritarrentzako maskarak faltako zirela eta, udal brigadakoak hasi ziren banatzen. Tere Ezeiza eta Begoña Amubieta aritu ziren maskarak egiten, brigadako langileek plazara joaten zen jendeari banatu ahal izateko. Ez dakidana da beste jostunen bat ere ari ote den gauza bera egiten. Uste dut jende asko etxean ari dela maskarak egiten; izan ere, jendea goma eskatzen ari da. Ari naiz batzuei entzuten etxean dituzten oihal zatiekin-eta ari direla maskarak egiten. Jendea ahal den bezala ari da.

Zenbat maskara josi dituzu?

Ehun bat-edo izango ziren Bertan elkartearentzat egin ditugunak, eta beste 20-30 bat edo egin ditut gutxi gorabehera. Momentuz ez ditut eskaera asko jaso, baina batzuk bai. Botiketan lortzeko zailtasunak daudenez, jendea ari da jostunengana jotzen maskarak lortzeko.

Zer materialekin egiten dituzu maskarak?

%100 kotoia izan behar du oihalak. Oihalari lurrunik ez pasatzea komeni da, eta kotoia baliagarria da horretarako. Gainera, garbitzeko aukera ematen du kotoiak: lixibarekin edo ur beroarekin garbi daitezke maskarak, esterilizatu ahal izateko. Kotoiaz gain, goma erabiltzen dugu belarri atzeko zatia egiteko. Berrerabilgarriak dira egiten ditugun maskarak.

Zenbateraino babesten dute?

Gu besteek ez kutsatzeko eta guk besteak ez kutsatzeko, bietarako, balio dute. Hori bai, zenbat eta geruza gehiago, orduan eta segurtasun handiagoa emango digute.

Aurrez bazenekien josten, edo maskarillak egiteko trebatu zara?

Aurrez hasita nengoen ikasten, pixkanaka-pixkanaka. Baina egoera hoenk bultzatu nau gehiago trebatzera.