Koronabirusa Azpeitian

Haurrak eta nerabeak kalera ateratzearen alde bat egin dute herriko hainbat eragilek

Uztarria.eus 2020ko api. 18a, 11:51

Duela hainbat astetatik oihartzun handia ari da izaten haurrak kalera ateratzeko aldarria, eta Azpeitiko hainbat eragilek ere bat egin dute eskakizun horrekin. Hain zuzen ere, Azpeitiko Udalak, Herri Hezitzailea taldeak eta herriko ikastetxeek adierazpen bateratu bat sinatu dute.

Bertan, haurrek eta nerabeek "modu ordenatu batean" kalera ateratzeko eskubidea dutela aldarrikatzen dute sinatzaileek, eta bideo bat osatu dute horretarako arrazoiak zeintzuk diren azaltzeko. Horrez gain, herritarrei beren balkoietan SOS haurrak leloa zintzilikatzeko eskatu diete, baita aldarrikapena zabaltzeko ideiekin, iritziekin eta hausnarketekin argazkiak edo bideoak egin eta herrihezitzailea@azpeitia.eus helbidera bidaltzeko ere.

Hona hemen udalaren, ikastetxeen eta Herri Hezitzailea taldearen adierazpena, osorik:

"Bizitzen ari garen larrialdi egoera honetan, itxialdiaren 5. astea sufritzen ari garen unean, konfinamedu egoera honetan erabat ahaztuta utzi ditugun herritarren inguruan hausnarketa bat egin nahiko genuke. Haur eta nerabeen inguruan hain zuzen ere.

Duela hilabete pasa, eskolak itxi zituztenetik, haurrak eta nerabeak esfera publikotik desagertu egin dira. Ez dira existitzen. Baina zer pentsatzen dute haur eta nerabeek bizitzen ari garen egoera honi buruz? Zer bizipen izaten ari dira? Nola sentitzen dira? Zer botatzen dute faltan?

Larrialdi egoera honetan nabarmen geratu da haurtzaroaren kultura falta zaigula. Krisi egoera honetan, haurrak eta nerabeak ez dira kontuan hartuak izan. Haur eta neraberak "orain eta hemen" herritar moduan ikusteko dauzkagun zailtasunak agerian utziz.

Haurrak eta nerabeak ordea jendartea dira, komunitatearen parte dira, herritarrak dira. Behar oso zehatzak dituzten herritarrak gainera: osasun psiko-emozionala, sozializatzeko beharra, elikadura osasuntsua, aire librea eta mugimenduaren beharra. Ondorioz, behar-beharrezkoa ikusten dugu haur eta nerabeak kalera modu ordenatu batean ateratzen hasteko neurriak eskatzea. Europako gainontzeko herrialde gehienetan krisialdiaren hasieratik egin den moduan (Alemania, Frantzia, Suitza, Erresuma batua...). Egunean behin etxetik gertuen duten natur espazio irekienera, heldu baten laguntzarekin, babes neurri guztiak errespetatuz eta txandak antolatuz, krisi egoera areagotu gabe egin daitekela ziur baikaude.

Guzti honen atzean, ordea, "haurrak kalera irten behar duten ala ez" baino hausnarketa sakonago bat egin nahiko genuke. Haurra orain eta hemen eskubide eta betebehardun herritar moduan ikusteko ditugun zailtasunen aurrean hausnartzera gonbidatu nahiko zintuztegun. Alferrik baita, herritar heldu parte hartzaile, autonomo eta arduratsuak nahi izatea, txikitatik parte hartzean autonomian eta arduretan hazteko aukerarik ematen ez badiegu. Haurtzaroaren marko legal bat falta zaigu, haurrak subjetu politiko moduan ikusten hastea falta zaigu.

Haurrak eta nerabeak modu ordenatu batean kalera ateratzen hasteko garaia iritsi dela uste dugu. Beraien eskubidea delako, behar-beharrezkoa dutelako, eta gainera, segurtasun neurri guztiak betez egingarria dela uste dugulako."