Koronabirusa Azpeitian

COVID-19a atzemateko testak egiten ari dira anbulatorioan

Uztarria.eus 2020ko api. 16a, 20:20
Koronabirusaren testak egiteko karpan anbulatorioan.

Baldintza jakin batzuk betetzen dituzten pazienteei ari zaizkie egiten probak, eta paziente bakoitzaren medikuak hala erabakita, beti ere. Test masiboekin ez dira hasi. San Martin egoitzan oraindik ez dira hasi testak egiten.

Azpeitiko anbulatorioan COVID-19 gaitza detektatzeko PCR motako testak egiten hasiak dira. Uztarriak jakin ahal izan duenez, bi aste inguru daramatzate testak egiten, Aste Santu aurreko astean hasi ziren proba horiek egiten. Denentzako testekin ez dira oraindik hasi, ordea. Izan ere, baldintza jakin batzuk betetzen dituzten pazienteei ari zaizkie egiten probak, eta paziente bakoitzaren medikuak hala erabakita, beti ere. Horrela, gaixotasun kronikoak dituztenentzat, 60 urtetik gorakoentzat eta kasu kliniko bereziak dituztenentzat dira, momentuz, anbulatorioan egiten ari diren testak. Medikuak erabaki behar du testa egin ala ez, pazientearen sintomak, adina eta gaixotasunak kontuan hartuta. Orain arte zenbat test egin dituzten ez dute jakinarazi, baina bai test gehienen emaitzak negatiboak izan direla, eta gustura daude anbulatorioan.

Anbulatorio atarian egiten ari dira koronabirusaren testak, pazienteek eraikin barrura sartzeko beharrik izan ez dezaten. Ahal dutenei kotxean joateko gomendatzen diete, eta ibilgailutik atera gabe hartzen dizkiete laginak, sudurretik eta eztarritik. Oinez joaten direnak artatzeko, berriz, karpa bat jarri dute.

San Martin egoitzan oraindik ez

Anbulatorioan ari dira momentuz koronabirusa atzemateko testak egiten. Dena den, dagoeneko hasi dira adinekoen egoitzetan testak egiten, eta datozen asteetan aurreikusten dute Azpeitiko San Martin egoitzako langileei eta egoiliarrei ere probak egitea. Anbulatoriokoak ez bezala, test azkarrak dira San Martinen egingo dituztenak.

Azpeitian ere egiten ari diren testen hurrengo urratsa izango litzateke test nasiboak egitea, ahalik eta herritar gehienen eskura jarriko liratekeen probak egitea, alegia. Momentuz, ordea, ez dago horrelako aukerarik.