Koronabirusa Azpeitian

Herri Hezitzaileak auzokideen arteko babes sarea osatzeko deia egin du

Uztarria.eus 2020ko api. 16a, 14:35
Herri Hezitzailea taldeko aterkiak, Txiki Txoko ludotekan.

Konfinamendu egoeran komunitatea indartzea eta auzokideen artean babes sareak sortzea "beharrezkoa" dela azaldu dute Herri Hezitzailea taldeko kideek. Auzokideak babesteko bost jarraibide eman dituzte.

Konfinamendu egoeran "komunitatea indartzeko", auzokideen artean babes sareak osatzeko deia egin du Azpeitiko Herri Hezitzailea taldeak. Ohar baten bidez adierazi dutenez, koronabirusak eragin duen krisian "inoiz baino garbiago" ari da azaleratzen krisi soziala, eta konfinamenduak eragin ditzakeen "egoera zaurgarriak" aintzat hartuta, auzokideak babesteko eta zaintzeko deia egin dute. Hain zuzen ere, Herri Hezitzailearen ikur den aterki koloretsua marraztu eta leihoetan itsastea eskatu dute talde horretako kideek: "Irudi hau etxean jartzen dutenek, auzokideak zaintzeko ardura beren gain hartzen dutela adieraziko dute eta auzokideek beraiengan babesa izango dutela".

Babes sare horren helburua, elkarren arteko harremanak sustatzea eta elkar zaintzeko ardura hartzea dela azaldu dute Herri Hezitzaileko kideek. Etxe bakoitzeko egoera nahiz beharrak "desberdinak" direla azpimarratu dute, eta etxeetan bakartzearen ondorioz hainbat egoera "ikusezin" bilakatu direla, hala nola emakumeen aurkako erasoak eta umeen aurkakoak. Halako egoeretan "jarrera aktiboa" izateko eskatu die Herri Hezitzaileak herritarrei, eta hainbat jarraibide eman dizkie horiei auzokideak babesteko. 

Jarrera aktiboa

Guztira, lau jarraibide eman ditu Herri Hezitzaileak: indarkeria matxistaren aurrean eta haurren aurkako indarkeriaren aurrean jarrera aktiboa izatea, bakardade egoeren aurrean jarduera kolektiboak bermatzea eta baliabide materialak kolektibizatzea. Honako lotura honetan irakur daitezke horretarako pausoak. 

Bestalde, Herri Hezitzaileak eskerrak eman dizkie arlo sozialean eta zaintza eremuan lanean ari diren herritarrei; besteak beste, Gizarte Zerbitzuei, erresidentzietako langileei, osasun arloko langileei eta boluntarioei. Ildo horretatik, plataformako kideek adierazi dute "guztiona" dela elkar zaintzeko "betebeharra eta eskubidea".