Koronabirusa Azpeitian

Maskaren soka luzea farmazietan

Uztarria.eus 2020ko api. 14a, 22:21

Koronabirusak eta gabeziak ia luxuzko produktu bilakatu dituzte babes maskarak. Azpeitiko farmazietan itxaron zerrenda luzeak dituzte; egunero-egunero gizentzen eta nahi baino makalago arintzen dira zerrenda horiek. Babes maila altuena duten maskarak nahi ditu jendeak, baina horrelako oso gutxi ari dira jasotzen orain arte botiketan.

60-70, 100 bat, ehundik gora, 100 inguru... Horiek dira gaur, asteartea, Azpeitiko farmazietan babes maskarak eskuratzeko zain dituzten bezeroen itxaron zerrenden kopuruak. COVID-19 gaitza gurera iritsi aurretik, oso mugatua zen maskaren salmenta hemengo botiketan. Azken hilabete pasatxoan, ordea, egunek aurrera egin ahala gero eta produktu preziatuagoa bihurtu dira maskarak, baita preziatu bezain urriak ere. Apika-apika iristen zaizkie maskarak botiketara, eta jasoaldi bakoitzean ez asko. Eta egunero-egunero ari dira bezeroen deiak eta eskaerak jasotzen, etengabe, gero eta gehiago.

"Gutxi batzuk ailegatu dira eta zertxo bait arindu dugu zerrenda. Maskarak, eskularruak... denetatik daukagu eskatuta, baina badakigu atxikita dauzkatela. Suposatzen dugu hasiko garela zerbait jasotzen, baina ez dakigu ez zer, ez zenbat. Ez dakigu ezer", diote Alberdi farmazian, eta egoera beretsuan daude gainerako botikak ere. Alberdin, koronabirusarenak eztanda egin aurretik hasi ziren antzematen maskaren eskaera, "Zaldibarren gertatutakoarekin ere" hasi ziren maskara eskaerak jasotzen; orduan ere. "Orduan zertxo bait ailegatu ziren, baina gutxi. Eskaera ere ez zen orain bezain bestekoa". Arrieta farmazian, berriz, lehendabiziko maskara eskaerak urtarrilean hasi ziren jasotzen. "Lanera kanpora joan behar zuen jendea" izan zen lehen eskaerak egiten hasi zena, koronabirusaren krisia oraindik Txinakoa eta urrutiko kontua zen egun haietan. Harrezkero gora egin du etengabe maskaren eskaerak, eta eskaera horri aurre egin ezinda ari dira lanean farmazietan. "Gaur bertan iritsiko zitzaizkigulakoan geunden, baina ez ditugu jaso. Astean zehar jasoko ditugula uste dugu", diote Beristain farmazian. Bezeroen eskaeretan kopuru gorabeherak izaten dituztela azaldu dute Jacome farmaziakoek: "Batzuek hamar, beste batzuek 2, edo lau... Jasotzen ditugunean galdetzen diegu zenbat behar dituzten, edo zenbat jasotzeko aukera izango duten". 

FFP2 babes mailako maskarak dira jendeak gehien eskatzen dituenak, koronabirusarengandik babesteko eraginkorrenak direla ulertuta. "Jende guztia dago horien zain, baina momentuz, behintzat, ez dago", kontatu dute Beristain farmazian. Orain arte farmazian horrelakorik ez zutela saltzen diote Alberdikoek, "ez genekien nolakoak ziren ere". Paperezkoak, polenarengandik babesteko, alergientzako... horrelakoak izan dira orain arte Azpeitiko farmazietan saldu izan dituztenak. Gaur egun, horrelakoak eta bestelakoak, "denetatik" eskatzen dituzte, baina ezin dute jakin nolakoak eta noiz jasoko dituzten, hori diote botikari guztiek. FFP1 motakoak, "hautsarentzat-eta izaten direnak", eta kirugikoak ziren orain arte Arrietan edukitzen zituzten maskara motak. Azkenaldian, FFP1 motako batzuk itxaron zerrendakoen artean banatu dituzte, baina kirurgikoak dira iristen zaizkien ia denak, "azken egunetan 50 bat egunero". Jacomen ere kirurgikoak dira ailegatzen ari zaizkien ari diren maskarak, gaur bertan jaso dute azken saila; bestelakoak, babes maila altuagoa dutenak, "oso-oso gutxi eta oso tarteka" iritsi zaizkie.

Azken egunetan, hain zuzen ere, ari da zabaltzen farmazietako maskaren hornidura ezari aurre egiteko material banaketa masiboa iristear dela, horren zain daude Azpeitiko botiketan ere, baina ez daukate inongo informazio zehatzik. Maskaren erabileraren gaineko mezuak nahasgarriak eta kontrajarriak izan dira osasun larrialdia hasi zenetik: komenigarria, gomendagarria, derrigortzekoa, ez hain eraginkorra, alferrikakoa... Gauza bat eta kontrakoa izan dira edota dira babes maskarak, mezulariaren eta egunaren arabera. Azken egunetan, ordea, areagotu egin dira maskaren onurak goratzen dituzten mezuak, baita duela astebete arte bestelakoa ziotenen ahotan ere; Espainiako Gobernuarenean, esaterako. Nahasmenaren eta mezu kontrajarrien artean gezur hutsek ere egin dute bidea: "Gaur bertan etorri zaigu bezero bat Osakidetzaren txartelarekin, hori erakutsita maskara doan jaso dezakela esan diotela eta", kontatu dute Arrieta farmazian.

Eskaera gora, prezioak ere bai

Koronabirusarekin etorri den maskara gosea ez da, noski, Azpeitiko kontua bakarrik, ezta Euskal Herrikoa ere. Mundu osoan behar eta eskatzen dituzte maskarak, eta denentzat festa txarrik ez dagoenez, eskaerarekin batera aparrak bezala egin du gora produktuaren prezioak ere. "Prezioak lotsagarriak" direla adierazi dute Beristain farmaziakoek. "FFP1 klasekoak 1,20 eurotan izaten zen bakoitza, eta kirurgikoak 0,50 euro edo. Aurreko astean jaso genuen sorta batean, 3 euro balio zuen maskara bakoitzak", azaldu dute Arrieta farmazian.

Askoz gehiago ordainduta handik edo hemendik maskarak erosi dituzten erabiltzaileak ere ezagutzen dituzte, baina ez daude edozer preziotan saltzeko prest Azpeitiko farmaziak; beraiek maskarak erosterakoan ordaintzen duten prezio berean saltzen ari direla diote guztiek, prezio horiek orain hilabete gutxi baino garestiagoak izatea saihestezina zaien arren.

Eskularruen eskaera ere ez da txikia farmazietan. Ia denetan dituzte itxaron zerrendak eta produktu hori eskuratzeko zailtasunak. Gel desinfektatearekin eta alkoholarekin ere izan dituzte hornidura arazoak, baina horiek konpondu dituztela diote. Beristain farmaziakoek termometroak ere aipatu dituzte hornidura gabezia duten produktuen artean.