Koronabirusa Azpeitian

Hondakinak ezin direla lurrean utzi gogorarazi du Urola Erdiko Mankomunitateak

Uztarria.eus 2020ko api. 14a, 11:56

Herritar batek Uztarriara bidalitako irudia.

Egunotan herritarrak edukiontzien kanpoaldean utzitako "hondakin ugari" jasotzen ari direla jakinarazi du Urola Erdiko Mankomunitateak. Ondorioz, COVID-19 gaitza dela eta, mankomunitateko langileen osasuna arriskuan jartzen dela eta hondakinak biltzeko zerbitzua kaltetu egiten dela azaldu du. Hori saihesteko, hondakinak lurrean edota edukiontzien inguruan ezin direla laga gogorarazi du. 

Azken aste hauetan, hondakinak biltzeko zerbitzua murriztu dute Urola Erdiko Mankomunitateko kideek COVID-19 gaitzaren eraginez: arropa eta bolumen handiko zaborren bilketak ez daude martxan eta Garbigunea itxita dago, besteak beste. Hondakinak "maiz" edukiontzien kanpoaldean agertzen direla ohartarazi du, ordea, mankomunitateak; batez ere, arropa eta bolumen handiko hondakinak (altzariak eta traste handiak). Horrenbestez, hondakinak ondo sailkatzea eta kalea zein edukiontzien eremuak garbi mantentzea herritar guztien betebeharra dela jakinarazi du mankomunitateak.

Gai horren harira, herritar batek atzo salatu zuen Artzubia kaleko arropa biltzeko edukiontzien ondoan poltsa ugari zeudela.