Koronabirusa Azpeitian

Koronabirus kasu berririk ez Azpeitian

Uztarria.eus 2020ko api. 13a, 15:46

Eusko Jaurlaritzak eguerdian emandako datuen arabera, zortzi koronabirus kasu baieztatu dituzte Azpeitian pandemia hasi zenetik. Urola Kostan sei positibo berri atzeman dituzte azken 24 orduetan.

Koronabirusak hedatzen jarraitzen du Urola Kostan zehar. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eguerdian emandako datuen arabera, beste sei koronabirus kasu baieztatu dituzte azken 24 orduetan eskualdean: bina Zumaian eta Zarautzen, eta bana Azkoitian eta Zestoan. Azpeitian, aldiz, ez dute Koronabirus kasu berririk baieztatu, eta horrenbestez, zortzi dira pandemia hasi zenetik Azpeitian baieztatutako kasuak. 

Eskualdeko herrietako datuei erreparatuta, ondorengoak dira, herriz herri, kontaketak hasi zirenetik positibo eman dutenen kopuruak: 102 Zarautzen, 45 Zumaian, hamabost Orion, 11 Azkoitian, zortzi Azpeitian, lau Zestoan, hiru Aian eta Getarian, eta bi Aizarnazabalen. Beizaman eta Errezilen, oraingoz, ez dute kasurik atzeman. Dena dela, koronabirusaren krisia hasi zenetik positibo eman dutenetako hainbat pertsona sendatu dira dagoeneko, eta beste batzuk hil ere egin dira eskualdean. Beraz, ezin da jakin zehazki gaur egun zenbat pertsona dauden COVID-19 gaitzak jota

Datuak lurraldeka

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 11.018 koronabirus kasu zenbatu ditu Osakidetzak, herenegun baino 246 gehiago. 1.536 test egin dituzte hiru lurralde horietan azken 24 orduetan, eta horietatik %16k eman dute positibo. Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du portzentaia hori orain arteko baxuena izan dela. Nafarroan, berriz, 4.092 dira gaur arte COVID-19 gaitzarekin kutsatutakoak. Hego Euskal Herrian, guztira, 1.070 dira koronabirusarekin hildakoak. Hildako berrien kopurua azken egunetakoa baino baxuagoa bada ere, “datu lazgarria” izateari ez diola uzten nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak. Gaitza gainditu duten pertsonak ere badaude, noski. Guztira, 5.721 alta eman dituzte Osakidetzak eta Nafarroako Osasun Sailak.