Koronabirusa Azpeitian

Koronabirus kasu berririk ez gaur ere

Uztarria.eus 2020ko api. 12a, 15:28

Eusko Jaurlaritzak eguerdian emandako datuen arabera, zortzi koronabirus kasu baieztatu dituzte Azpeitian pandemia hasi zenetik. Urola Kostan zortzi positibo berri atzeman dituzte. 

Koronabirusak hedatzen jarraitzen du Urola Kosta eskualdean zehar. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eguerdian emandako datuen arabera, beste zortzi kasu atzeman dituzte bezperako datuekin alderatuta. Zumaian izan da hazkunde handiena: 24 orduko epean beste bost kasu baieztatu dituzte. Kontaketak hasi zituztenetik 43 zumaiarrek eman dute positibo koronabirusaren proban. Kostan detektatu dituzte beste hiru kasuak ere: bi Zarautzen (ehun guztira), eta bat Orion; orotara hamabost kasu dituzte herri honetan. 

Eskualdeko beste herrietan ez da aldaketarik izan, eta zenbakiek bere horretan jarraitzen dute: hamar kasu zenbatu dituzte Azkoitian, zortzi Azpeitian, hiruna Aian, Getarian eta Zestoan, eta bi Aizarnazabalen. Beizaman eta Errezilen ez dute koronabirusaren kasurik izan orain arte.

Koronabirusaz kutsatutako pertsonak zenbatzen hasi zirenetik positibo eman duten bizilagunen datuak dira horiek. Ordutik zenbait herritar sendatu dira, eta hil ere egin dira beste batzuk. Beraz, COVID-19 gaitza duten bizilagunen kopurua zenbatekoa den ezin da jakin. 

14.741 kasu Hego Euskal Herrian

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 14.741 bizilagunek eman dute positibo koronabirusaren probetan. Bezperako datuekin alderatuta, beste 399 positibo zenbatu dituzte azken 24 orduetan. Hildakoak, berriz, 1.036 dira, bezperan baino 44 gehiago. Era berean, gorantz doa sendatu direnen kopurua ere. 5.517 lagun sendatu dira dagoeneko; herenegun baino 173 gehiago ziren atzo alta hartutakoak.