'Korosagasti' filma amaitzear, baina argia ikusteko datarik gabe

Uztarria.eus 2020ko api. 10a, 19:18

Korosagasti filma amaitzear dira. Hala baieztatu du haren zuzendari Asier Sustaetak. Hark nabarmendu duenez, prozesuaren "bukaera-bukaeran" daude uneotan. "Etalonajea –irudiari kolorea, argia nahiz kontrastea ematen dizkion prozesua– ia amaituta dago, eta audio posprodukzioa ere bukatu samartuta dago; soinu banda sortzen ari diren heinean ari dira azken atal hori bukatzen". Ez zaio ezer falta, beraz, filmari borobiltzeko: "Hamabost egun barru filma amaitutzat emango dugu, eta gero ikusiko dugu".

Izan ere, Korosagastiri ere eragingo dio ezohiko egoerak. "Berrogeialdi honek zer ekartzen duen ikusi beharko dugu. Badakigu kultura mundua erabat astinduko duela; oso zaila egiten zaigu estreinaldiak-eta noiz eta nola izango diren irudikatzea. Berrogeialdia amaitzerako, proiektua amaituta edukiko dugu, eta gertukoenek eta taldeko kideek proiektua osorik ikusi ahal izango dute. Hori bai, jendeari noiz aurkeztuko zaion beste istorio bat da". Alarma egoera amaitzean eta bizimodua pixkanaka normaltasunera itzultzen hastean emango dute estreinaldiaren inguruko informazio gehiago. 

Emaitzarekin "oso gustura"

Filma amaitzeko azken egunak zenbatzen, proiektua nola joan den ikusita, "oso gustura" dago Sustaeta. "Duela bost urte, proiektu honekin hasi nintzenean, ez nuen pentsatzen horrelako proiektu faraoniko batean bilakatuko zenik. Handia izan da bolumen aldetik, baita lan kargari dagokionez ere; bukaerako emaitza ikusita ere, guk orain arte egin ditugun lanetatik ikaragarrizko saltoa eman dugula esango nuke. Oso-oso gustura gaude egin dugun lanarekin, baita herri mailan egindako lana izateko oso emaitza ona izan duelako ere". 

Zuzendaria pozik dago, era berean, taldelan baten emaitza izan delako filma. "Bidean jende mordo bat ezagutu dugu. Hasieran, talde batzuk sortu genituen, lan dinamika batean sartu ginen, eta uste dut hori oso aberatsa izan dela. Batek arropaz gehiago ulertzen zuen, beste batek argiez, beste batek interpretazioaz, soinuaz... Bakoitzak bere alorrean jarri du alea". Sustaetak nabarmendu du, gainera, amateurtasunetik egindako lan bat izan dela. "Bakoitzak bere lan orduetatik aparte ateratako denbora eskaini dio filmari". 

Horregatik guztiagatik, bide honetan ondoan izan dituen pertsona denak eskertu nahi izan ditu Sustaetak. "Jende mordo batek lagundu digu proiektu hau aurrera ateratzen: norbanako jende pila batek, baita enpresek ere. Jende ugari izan da laguntza eskaini diguna, eta zalantzarik gabe, haiek gabe ez genuke proiektu hau aurrera aterako". 

(Argazkiak: Arantxa Arizaga eta Korosagasti)