Koronabirusa Azpeitian

Kasu positibo berririk ez dute zenbatu Azpeitian datuen azken eguneraketan

Uztarria.eus 2020ko api. 6a, 16:31

Guztira, orain arte zortzi dira herrian baieztatu dituzten koronabirus kasuak. COVID-19 gaitza duten beste zazpi pertsona detektatu dituzte zapatutik igandera bitartean Urola Kostako eskualdean. Orion, Zarautzen, Zumaian eta Aizarnazabalen atzeman dituzte kasu positibo horiek.

COVID-19 gaitzaren eboluzioaren datuak eguneratu ditu, egunero bezala, Eusko Jaurlaritzak. Gaur emandako datuen arabera, zapatutik igandera bitartean ez dute kasu positibo berririk zenbatu Azpeitian. Horrenbestez, atzo jakinarazi zituzten azken bi positibo berriekin, guztira zortzi izaten jarraitzen dute herrian gaitza dutela baieztatutakoak.

Igande iluntzeko 20:00ak arteko datuen arabera, 154 lagunek eman dute positiboa koronabirusaren testetan Urola Kostan. Bezperako datuekin alderatuta, zazpi kasu gehiago detektatu dituzte eskualdean. Orion, Zarautzen, Zumaian eta Aizarnazabalen eman dira koronabirus kasu berri horiek.

Larunbatetik igandera bitartean, Orion izan da kasuen hazkunde handiena. Hamar kasu positibo izatetik hamahirura pasatu dira Orion 24 orduko epean. Zarautzen beste bi kasu detektatu dituzte, eta 82 herritar daude kutsatuta herri horretan. Zumaian kasu bat gehiago izan da, eta 34 bizilagunek eman dute oraingoz positiboa. Aizarnazabalen beste kasu bat detektatu dute, eta, horrenbestez, bi herritarrek dute gaitza han.

Eskualdeko gainerako herrietan ez da gorabeherarik izan. Azkoitian zazpi herritarrek dute COVID-19 gaitza, Getarian eta Zestoan hiruna kasu positibo eman dira, eta Aian bi. Beizaman eta Errezilen ez da oraingoz kasurik baieztatu. Hauek, beti ere, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko datuak dira, benetan gaixorik dagoen herritar kopurua handiagoa izan daiteke eta.

340 positibo gehiago Hego Euskal Herrian

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kaleratutako azken datuen arabera, dagoeneko 11.701 lagun daude kutsatuta eta 735 hil dira gaitzaren eraginez. Larunbatetik igandera detektatutako kasu positiboetan jaitsiera izan da, eta 340 kasu detektatu dituzte Hego Euskal Herrian. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, atzotik gaur bitartean koronabirusean positibo eman dute 182 pertsonak. Denera, 8.810 kasu positibo zenbatu ditu Osakidetzak hiru lurralde horietan. 33 hildako gehiago izan dira koronabirusagatik azken orduetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Nafarroan 3.231 kutsatu zenbatu dituzte, eta 187 dira hildakoak, bezperan baino bederatzi gehiago. Ipar Euskal Herriko datu zehatzik ez dago.