Koronabirusa Azpeitian

Koronabirus kasu berririk ez dute baieztatu Azpeitian

Uztarria.eus 2020ko api. 2a, 16:56

Urola Kostan, beste zortzi pertsona gaitzak kutsatuta daudela baieztatu du Eusko Jaurlaritzak. Dagoeneko 115 dira COVID-19a duten eskualdeko herritarrak eta hiru gaitzaren eraginez hildakoak.

Koronabirusa hedatzen ari da Urola Kostako herrietan, eta egunetik egunera gehiago dira gaitza duten herritarrak. Hala baieztatzen dute Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman dituzten azken datuek. Eskualdean zortzi positibo berri eta heriotza bat zenbatu dituzte azken orduetan. Horrenbestez, dagoeneko 115 dira COVID-19ak jotako Urola Kostako herritarrak eta hiru dira gaitzaren eraginez hil direnak. Zumaiako Otezuri egoitzako egoiliarra zen azkeneko hildakoa; aurreko biak, berriz, Zarauzko Santa Ana egoitzakoak ziren.

Herriz herriko datuei erreparatuta, egunero ari dira positibo berriak atzematen, baina azken egunotan mantsotu egin da joera. Zarautz da gaitzak erasandako herritar gehien dauden eskualdeko herria. Han, 67 lagunek dute gaitza eta horietatik lau azken orduetan baieztatu dituztela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak. Zumaian 24 lagunek dute koronabirusa, atzo baino bi gehiagok, eta Azkoitian eta Orion ere beste kasu bana atzeman dute. Horiekin, Azkoitian sei dira gaixorik dauden herritarrak eta zortzi dira Orion.

Gainontzeko herrietan ez du gorabeherarik izan koronabirusak jotakoen kopuruak. Getarian hiru lagun daude; Azpeitian, lau; Aian, bi; eta bat dago Zestoan. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen oraingoz ez dute baieztatu kasurik. Horiek dira Eusko Jaurlaritzak gaur egurdian kaleratu dituen datuak, baina gehiago izan daitezke benetan gaixorik dauden herritarrak.

Euskal Herrian, berriz, dagoeneko 10.022 lagun daude kutsatuta eta 555 hil dira gaitzaren eraginez. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kaleratutako azken datuen arabera, beste 664 kasu positibo eta 54 heriotza zenbatu zituzten atzoko 20:00ak bitartean.

Probintziaka, Bizkaia da COVID-19ak jotako gaixorik gehien dauden lurraldea (3.682), baita gaitzak heriotzarik gehien eragin dituena ere (187); Araban 2.347 lagunek dute gaitza eta 167 dira orain arte hildakoak; Nafarroan 2.682 kutsatu eta 141 hildako zenbatu dituzte orain arte; eta Gipuzkoan 1.288 dira gaixorik dauden herritarrak eta 58 orain arteko gaitzak hil dituenak. Ipar Euskal Herriko datu zehatzik ez dago, baina jakina ahal izan denez, badira 21 kutsatu eta bi hildako.