Koronabirusa Azpeitian

Osasungintzako eta zahar etxeetako langileentzat izango dira maratoi erdiaren aurtengo txapelak

Uztarria.eus 2020ko api. 1a, 13:16
Horrelako txapel bana jasoko dute osasungintzako eta zahar etxeetako langileek.

Azkoiitia-Apeiitia probaren antolatzaileek txapel bana emango diete Gurutze Gorriko eta Azpeitiko San Martin, Azkoitiko San Jose eta Zestoako San Juan egoitzetako langileei, COVID-19aren krisialdian egiten ari diren lanaren aitortza gisa. Berrogeialdia bukatu ondoren emango dizkiete garaikurrak.

Joan den larunbatean zen egitekoa aurtengo Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia, baina egunotarako aurreikusita zeuden beste ekitaldi guztiak bezala, lasterketa hori ere ezin izan zen egin; irailaren 19ra atzeratu dute maratoi erdia, eta horren inguruko argazki erakusketa, berriz, Interneten jarri dute momentuz.

Antolatzaileek "dena prest" zuten lasterketa joan den asteburuan egiteko; tartean, baita irabazleek jaso behar zituzten garaikurrak ere. Horregatik, zapaturako prest zituzten txapelei beste erabilpen bat ematea erabaki dute eta horren berri eman dute gaur: Azkoitiko Gurutze Gorriak eta Azpeitiko San Martin, Azkoitiko San Jose eta Zestoako San Juan egoitzek jasoko dituzte Azkoitia-Azpeitia lasterketaren txapelak. "Txapeldun bereziak" izendatu nahi izan dituzte, horrenbestez, COVID-19aren krisialdian lehen lerroan lanean ari diren osasungintzako eta zahar etxeetako langileak.

"Aurtengo gure leloetako bik horrela zioten: Gizatasun handiko mundua dugu amets. Bihotz bizien mundua. Gaur egun, gizarte eragileak eta gizarte osoa, oro har, COVID-19aren aurka ari dira borrokan. Borroka horretan, arrisku talde handienetakoa da medikuena, erizainena eta egoitzetako langileena, bestelako eragile, langile eta arrisku taldeak baztertu gabe", nabarmendu dute antolatzaileek. Horregatik, "beren txaloak eta aitortza" helarazteko modua ikusi dute txapel bana aipatutako erakundeetako langileei emanda.

Berrogeialdia amaitutakoan banatuko dituzte txapel horiek Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileek.