#EtxetikMundura

Musika bandaren doinuak, etxetik mundura

Uztarria.eus 2020ko mar. 29a, 22:00

Azpeitiko Udal Musika Bandako zenbait kide eta beste hainbat herrietako musika bandetako lagunak izan dira gaur protagonistak #EtxetikMundura egitasmoan. Musikariek 'Goizeko izarra' izeneko abestia eskaini dute gaur 20:00etan hasita. Hogeita bost inguruk musikarik hartu dituzte instrumentuak, eta bakoitzak bere alea jarri du musika bandaren doinuak etxetik mundura zabaltzeko.

Urola Komunikazio Taldeko (UKT) tokiko gainerako hedabideetan beste hainbat saio ikusi ahal izan dira gaur. Zarauzkohitza.eus-en Joxean Urbietak eta Maixol Ruizek eskainiko dute emanaldia, Karkara.eus-en Joseba Aparicio musikariak eta Baleike.eus-en Molly Bux abeslari zumaiarrak.

Koronabirusaren eraginez hartu du UKTk #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia; izan ere, joan zen asteaz geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.

Tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!