Koronabirusa Azpeitian

Hiru koronabirus kasu baieztatu dituzte Azpeitian

Uztarria.eus 2020ko mar. 27a, 15:04

COVID-19 gaixotasunak kutsatutako herritarren kopuruak gora egin du; Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, hiru kasu atzeman dituzte Azpeitian. Urola Kostako herrietan, 58 pertsona daude gaitzak jota. 

Koronabirusaz kutsatutako Urola Kostako herritarren kopurua goraka doa. Eusko Jaurlaritzak egunero ematen dituen datuek halaxe baieztatzen dute, eta gaurkoek ere ez dute berri onik ekarri: izan ere, dagoeneko 58 kasu daude eskualdean, atzo baino bederatzi gehiago. Zarautzen izan da nabarmenena gorakada: zazpi kasu berri atzeman dituzte azken 24 orduetan, eta guztira, 41 dira gaitzak jotako herritarrak. Azpeitian eta Zumaian kasu berri bana topatu dute. Hala, Azpeitian hiru dira kutsatutakoak, eta Zumaian jada zortzira iritsi da kopurua.

Bailarako gainerako herrietan ez da izan gorabeherarik: Getarian eta Azkoitian bina herritarrek dute COVID-19 gaitza; eta Aian eta Orion herritar banak. Jaurlaritzak jakinarazi dituen datuak horiek izanagatik, gehiago ere izan daitezke benetan gaixorik daudenak.

Euskal Herriari erreparatuz gero, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ondorengo datuak eman dituzte azken 24 orduan koronabirusak izan duen bilakaeran inguruan. Guztira, 655 positibo gehiago jaso dituzte, eta 34 herritar hil dira gaitzaren ondorioz. Horrenbestez, dagoeneko 6.242 dira Hego Euskal Herrian baieztatu dituzten koronabirus kasuak, eta 265 herritar dira gaitzak hil dituenak.

Bizkaia da kutsatu gehien dituen herrialdea, 2.186 positiborekin; atzo baino 340 kasu gehiago atzeman dituzte han. Nafarroan 1.610 lagun daude kutsatuta, atzo baino 241 gehiago; Araban 1.145 , atzo baino 167 gehiago; eta Gipuzkoan 805, atzo baino 142 gehiago. Aldiz, Araba da koronabirusaren eraginez hildako gehien dituen lurraldea, 103rekin; Bizkaian, 73 hil dira orain arte; Nafarroan, 58; eta Gipuzkoan, 25.

Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan koronabirusa duten 2.297 herritar daude ospitaleratuta. Ospitaleko senda agiria jaso duten herritarrak, berriz, 775 dira.