#EtxetikMundura

Xanti Rodriguezek filmen gomendioak egingo ditu gaur

Uztarria.eus 2020ko mar. 25a, 13:20
Xanti Rodriguezek hainbat film gomendatuko ditu gaur.

Xanti Rodriguez zinemagile eta argazkilariak konfinamendu egoera arintzeko baliagarri izan daitezkeen hainbat filmen gomendioak egingo ditu #EtxetikMundura egitasmoaren barruan. 20:00etan hasiko da zazpigarren saioa. Datozen egunetan ere hainbat sortzaile izango dira Uztarria.eus-en egitasmoan.

Xanti Rodriguez zinemagile eta argazkilariak eskainiko du #EtxetikMundura egitasmoaren barruko gaurko saioa. Atzo, Ane Jurado abeslariak eskaini zuen saioa, eta gaur, 20:00etan hasita, konfinamendua arintzeko baliagarri izan daitezkeen hainbat filmen gomendioak egingo ditu Rodriguezek.

Datozen egunetan ere izango dira emanaldiak; besteak beste, Amaia San Vicente ipun kontalariak, herriko hainbat bertsolarik, Ainhoa Martin abeslariak, Inharrak taldeak... eskainiko dituzte saioak. Gainera, Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten gainerako hedabideek ere prestatu dituzte tokian tokiko emanaldiak. Karkararen, Baleikeren, Maxixatzenen eta Zarauzko Hitzaren webguneetan ere izango dira saioak, eta den-denak ikusgai izango dira Urola Kostako Hitzaren eta Erlo Telebistaren webguneetan.

Koronabirusaren eraginez hartu du UKTk #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia; izan ere, joan zen asteaz geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.

Tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!