Koronabirusa Azpeitian

Euskal Errepublikaren Eguna atzeratzea erabaki du Naziogintza taldeak

Uztarria.eus 2020ko mar. 23a, 15:28

Apirilaren 25ean egitekoa zen, Azpeitian, baina koronabirusaren krisia dela-eta ezingo diote data horri eutsi. "Data berria finaktu bezain laster" jakinaraziko dutela aurreratu dute antolatzaileek.

Naziogintza taldeak Euskal Errepublikaren Eguna ospatu behar zuen Azpeitian apirilaren 25ean, 1931ko apirilaren 17an, Espainiako Estatuan errepublika ezarri eta egun gutxira, Azpeitiko Udalak aho batez euskal errepublika aldarrikatu zuela gogoratzeko. Baina koronabirusak eragindako egoera dela eta, datorren hilerako antolatutako ekitaldiak atzeratzea erabaki dute antolatzaileek. "Koronabirusaren krisiak antolakuntzaren azken txanpan" harrapatu dituela azaldu du ohar bidez Azpeitiko Naziogintza taldeak, baina momentuz bere horretan utziko dituela bere asmoak. "Arduratsuak izateko garaia da eta denon osasuna babestekoa. Horregatik, gaurko egoera ikusita ezin diogu apirilaren 25eko data horri eutsi, zoritxarrez", adierazi du Azpeitiko Nazioagintza taldeak ohar bidez.

Hala ere, Euskal Errepublikaren Eguna ospatzeko asmoa ez dute bertan behera utzi, eta "data berria finaktu bezain laster" jakinaraziko dutela aurreratu dute.