DAPA saioen bigarren denboraldia, martxan

Uztarria.eus 2020ko mar. 18a, 11:09
Amets Arzallus eta Ibrahima Balde dira DAPAren bigarren denboraldiko lehen saioko protagonistak. (DAPA)

Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek elkarrekin idatzi duten Miñan liburuaren inguruko ikus-entzunezkoarekin hasiko da gaur, asteazkena, DAPA saioen bigarren denboraldia. Hamabostean behin erreportaje bat kaleratuko dute sarean, uda bitartean.

DAPA saioen bigarren denboraldia martxan da, eta gaur hasi eta uda bitartean, hamabostean behin erreportaje bat kaleratuko du Azpeitiko Kulturaz kooperatibak. Lehenengo saioa, Amets Arzallus eta Ibrahima Baldek ondutako Miñan liburuaren inguruko ikus-entzunezkoa izango da. Bertan, Arzallusek Balderi Madrilera egindako bisita agertzen da, eta besteak beste, liburuaren nondik norakoez, ahozko literaturaz eta migranteen gaiaz hitz egiten dute erreportajean. 

Kulturaz kooperatibako kideen arabera, kultur sorkuntza "bizipozaren epizentroan" jartzea xede duen ikus-entzunezkoa kaleratuko dute bi astean behin, eta saio bakoitzak kultur adierazpide bat edo sortzaile bat izango ditu ardatz: "Ikus-entzunezko barrunbeak ere sormenetik marraztuko dira, nortasun mutante eta forma aldakorrekin", adierazi dute. Saio guztiak DAPAren webgunean, eta Berria.eus-en izango dira ikusgai. 

Uzta oparoa

Iazko uztailean hasi zen Azpeitiko Kulturaz kooperatiba DAPA proiektuari forma ematen eta lehen erreportajeak grabatzen, eta Dinamoa sormen gunea izan da proiektuaren habia. Lehen denboraldian, guztira, zortzi saio eman zituzten, eta erreportaje horiek ikusgai daude DAPAren webgunean. Proiektuak, besteak beste, Jalgi euskal kulturaren plaza ibiltariaren, Fagor fundazioaren eta Berria-ren babesa jaso du.