Nobela errealista bat

Berria 2020ko mar. 14a, 15:01
(Udane Ansa)

Taxizale batek argitaletxe baten enkargua jasoko du liburu bat idazteko; izan ere, nobela erdibidean utzita hil berri da hura lantzen ari zen idazlea. Horixe da Joxean Agirre azpeitiarraren lan berriaren sinopsia. Hona eleberriaren pasarte bat, liburuaren aurrerapen moduan. Besteak beste, Imanol Arregi Iturbideri aipamena egiten dio. 

Taxi barruan daramadan bezeroa adinekoa bada eta Eibar aldera eramateko agintzen badit, ezin izaten dut Mario Onaindiak bere oroitzapen liburuan gogoratzen duen gertakari hura aipatu gabe denbora askoan joan, bi destinoren arteko talka adierazten duelako. Mutikoa zela, Lekeitioko mertzedarioetan egon zen, bere ametsa misiolari izatea zelako, eta han Burgos inguruko ikaskide bat izan zuen, Hermosillakoa, euskaldunak gorroto zituena. Urteak igaro eta Bilboko komisarian atxilotuta zegoela, poliziaz jantzita aurkitu zuen ikaskide hura eta "zu Fernando Martinez zara, Hermosillakoa", esan zion eta lagunak ukatu egin zion. "Bai, gizona, urtarrilaren 12an egiten dituzu urteak", jarraitu zuen. Mariok ia astebete zeraman komisarian. Gorputza eta bereziki aurpegia erabat handituta zituen kolpeen ondorioz. Goitik behera begiratu zion poliziak eta, ezagutu izan ez balu bezala, galdeketa gelatik atera zen.

Pasadizo hori aipatzen dudan bakoitzean Imanol Arregi Iturbide pandero-jotzaileak kontatzen duen beste bat etorri ohi zait gogora. Bere bi osabek alde banatan egin zuten 36ko Gerra, eta Bizkaiko fronteetako batean gudariekin zebilena preso hartu zuten nazionalek. Preso zeramatenean beste anaiarekin egin zuen topo. Elkarri begiratu zioten, eta frankistekin zihoanak diosal gisa keinu bat egin zion buruarekin. "¿Quién era ése?", galdetu omen zion kapitainak, eta ez omen zuen ausardiarik izan anaia zela esateko, ezagun bat zela erantzun zion.

A!, eta eszena lazgarri hori aipatzeaz bat Iturbidetarren pasadizo alaiago bat ere kontatu behar izaten dut, kontakizun triste batek segidan alaiago bat eskatzen duelako: festazale amorratuak izaki, bai Imanol eta bai bere osabak, egun batean denak etxean afaltzen ari zirela, ezkondu zenetik 25 urte igaro zirela gogoratu zuen osaba batek, eta su gainean zegoen eltzeak ere, beraz, beste horrenbeste urte bazituela. Imanolen amak zartagin bat omen zuen eskuan, eta hark 50 urte zituela erantzun zion, etxez aldatu zirenean Errekarte baserritik ekarri zutelako Iturbidera. Pitin bat txundituta gelditu ziren denak, eta hala baldin bazen, zartagin horrek omenaldi bat merezi zuela erabaki zuten. Izendatutako egunean zartagina aldare moduko baten gainean jarri zuten lorez inguratuta eta, Otola (Otalora) soinu-jotzailea bertan zela, sekulakoa festa egin zuten.

Jarraitu aurrerapena irakurtzen Berria.eus atarian