Genero indarkeriaz hausnartzeko ikastaroa egingo dute Emakumeen Txokoan

Uztarria.eus 2020ko mar. 9a, 13:36

Genero indarkeria. Indarkeria psikologikoa eta ahalduntzea ikastaroa izango da martxoaren 27an eta 28an Emakumeen Txokoan. Interesatuek martxoaren 20ra bitartean eman dezateke izena.

Jabetze Eskolen barruan, genero indarkeriaren inguruko ikastaroa antolatu du Emakumeen Txokoak. Genero indarkeria. Indarkeria psikologikoa eta ahalduntzea izenburua jarri diote tailerrari, eta Ihintza Lapazaran izango da saioen gidaria. Genero indarkeriaz hausnartuko dute ikastaroan, eta indarkeria detektatzeko eta hari aurre egiteko gakoak eskuratuko dituzte bertan parte hartzera animatzen direnek. Era berean, mitoak ezeztatzeko ere baliatuko dute tailerra.

"Genero indarkeria, munduko krimenik hedatuena izan arren, oraindik ere ezkutuan eta isilpean dagoen fenomenoa da. Historikoki arlo pribatuko arazotzat jo izan da, eta gaur egun ere kosta egiten da arazo publikotzat hartzea. Genero indarkeriaren erreproduzitze horretan, patriarkatua genero sistemaz eta horri lotutako maitatzeko ereduaz ahalbidetzen da, oinarria berdintasun ezean dagoelarik. Horrela, maitasuna eta indarkeriaren arteko mugak lausotzen dira, tratu txarretan oinarritutako harremanak gertatzeko marko ezin hobea sortuz", azaldu dute antolatzaileek.

Emakumeen Txokoaren arabera, "indarkeriaren normalizate" egoera horretan, "indarkeria psikologikoa oharkabean" pasatzen da, eta hori gertatzeko mekanismoak eta moduak hautemateko "zailtasunak" egon ohi dira. "Sotila dela onartu du jendarteak. Horrekin batera, harreman horien dinamika ulertzeko garaian nahasmendua sortu ohi da, eta ohikoak izaten dira honako galdera hauek: 'Emakumeek zergatik jarraitzen dute erasotzailearekin? Zergatik ez zuten utzi lehenengo erasoa jasan bezain azkar? Zergatik ez dute ihes egin erasoetatik? Nola jasan dezakete hainbeste? Zergatik ukatu eta ezkutatzen dute? Zergatik ez dute laguntza eskatzen?' Galdera horiei erantzunez, emakumeek jasan beharreko egoera larria eta sufritzen duten ondorio psikologikoak kontuan hartu ez, eta mito ugari eraiki dira emakumeei errua egozteko aukera ezin hobea emanez".

Hori guztia kontuan izanda, genero indarkeriaz hausnartuko dute martxoaren 27an –ostirala– eta 28an –larunbata– egingo duten ikastaroan. Ostiraleko saioa 17:00etatik 20:00etara izango da, eta larunbatekoa 10:00etatik 13:00etara. Interesatuek martxoaren 20ra bitartean eman dezakete izena Emakumeen Txokoan, emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera idatzita edo 688 75 10 00 telefonora deituta.