Emakume langileen egoera eta antolakuntza izan dituzte hizpide Gaztetxean, Martxoaren 8aren atarian

Uztarria.eus 2020ko mar. 7a, 15:24

Atzo ikasleek elkarretaratzea eta tailerra egin ostean, gaur jarraitu dute Martxoaren 8aren harira Azpeitian prestatutako ekintzek. Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak antolatuta eta Itaia emakume sozialisten sareko kideen eskutik, Antolakuntzan datza iraultza hitzaldi-tailerra izan da Gaztetxean, 11:00etan hasita.

Bi ordu inguruz aritu dira solasean tailerrera animatu diren lagunak, eta hiru zatitan banatu dute saioa. Hasteko, hainbat gairen inguruan aritu dira solasean Gaztetxean elkartu diren lagunak, hala nola Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren hastapenez, emakume langileek historian zehar antolatutako borrokez eta eskuratutako lorpenez, gaur egungo testuinguruan emakume langileek jasaten dituzten zapalkuntzez eta emakumeen antolakuntzan dauden hutsuneez. Jarraian, talde txikitan jarrita, hainbat galderaren inguruan hausnartzen aritu dira tailerrera animatu diren gazteak, eta, ondoren, guztiek elkarrekin partekatu dituzte taldeetan egindako hausnarketak eta ateratako ondorioak. 

Martxoaren 8ko egitaraua

Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da bihar, eta Basanderiek asanblada feministak hainbat ekintza antolatu du biharko. Hona hemen egitaraua:

12:00etan, manifestazioa, plazatik abiatuta.

14:00etan, bazkari feminista Azoka Plazan.

16:30ean, Donostiako manifestaziora joateko autobusa anbulatorioaren aurretik.