Martxoaren 8aren harira, martxan jarritako politika feministak berretsi ditu Udal Gobernuak

Uztarria.eus 2020ko mar. 6a, 17:46

Igandean, hilak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna da, eta Azpeitiko Udal Gobernuak printzipio eta aldarrikapen feministak politika instituzionaletan txertatzeko "konpromisoa" hartu du.

Azpeitiko Udal Gobernuak bat egin du datorren igandean, hilak 8, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira egingo diren mobilizazioekin, eta herritarrei mobilizazio horietan parte hartzeko deia egin die. Gainera, Martxoaren 8aren harira, hainbat erabaki hartu du; besteak beste, parekidetasunera bideratutako aurrekontua handitzea, Emakumeen Txokoko zerbitzuak gehitzea nahiz hezkidetza programa indartzen jarraitzea.

Erakundeak printzipio eta aldarrikapen feministak egitura eta politika instituzionaletan txertatzeko "konpromisoa" hartzen duela adierazi du, gizarteak "justizian eta demokrazian aurrera" egin dezan: "Beharrezkoa da, behingoz, emakume guztien indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea lehentasun politiko izatea. Beharrezkoa da instituzioek interpelazio hori beren gain hartzea, eta gure ordezkaritzari erantzunez, herrialde honetako herritar guztiak —guzti-guztiak, salbuespenik gabe— hobeto bizi daitezen gure esku dagoen guztia egitea", azaldu du Udal Gobernuak.

Bestalde, Udal Gobernuak nabarmendu du "erabateko konpromisoa" duela herritarrekin, eta "aspaldi" ulertu zuela herritarren eskaera: "Herritarrek eskatzen digutena da guztionak diren baliabideak erabiltzea emakumeen eta gizonen artean dauden sakoneko desberdintasun egoerei aurre egiteko". Ildo horretatik, Udal Gobernuak azaldu du herritarrek udalari konpromisoak eskatzen dizkiotela, inor atzean utzi gabe, "sistemak ezartzen dituen" diskriminazioei eta zapalkuntzei aurre egiteko.

Horrez gain, erakundeak azaldu du "euskal herritar guztien erabakiak errespetatuko dituen esparru politiko eta instituzional bat" eraikitzeko lanean diharduela: "Subiranotasun feminista noranzko ugariko bide baten antzera agertzen da, emakume guztien askatasunak berreskuratzeko eta eskubideak zabaltzeko prozesu baten antzera, non egunero-egunero definituko eta gauzatuko dugun gure burua gobernatzeko zer egin nahi dugun eta gure herrialdearentzat zer bizi-baldintza nahi ditugun, guztiontzat, salbuespenik gabe, eta belaunaldi gazteenen etorkizuna hipotekatu gabe", nabarmendu du. Era berean, Udal Gobernuak azpimarratu du "beharrezkoa" dela instituzioetatik lan egiten jarraitzea, "koordinatuta eta ikuspegi subiranista zabal" batekin. Hori dela eta, Udal Gobernuak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko honako erabakiak hartu ditu:

  • Parekidetasunera bideratutako aurrekontua handitzea.
  • Emakumeen jabetze prozesuak sustatzeko baliabideak indartzea, batik bat, Emakumeen Txokoaren bitartez. Emakumeen Txokoko zerbitzuak gehitzea.
  • Hezkuntza komunitatearekin batera garatzen den hezkidetza programa indartzen jarraitzea eta horretarako baliabideak gehitzea.
  • Udalerriko emakumeek egindako ekarpena aitortzeko memoria historikoa lantzea.
  • Udalak sustatzen dituen politika publikoetan eta hainbat programatan genero ikuspegia txertatzeko urratsak ematea.
  • Herriko eragileekin elkarlanean sustatutako proiektuetan berdintasuna txertatzeko baliabideak bermatzea.