'Bigarren sexua'-z, Irene Arrarats eta Nora Alberdi

Uztarria.eus 2020ko mar. 5a, 10:49

Simone de Beauvoirren Bigarren sexua lana izan zuten hizpide atzo, asteazkena, Irene Arrarats hernaniarrak eta Nora Alberdi azpeitiarrak, Sanagustin kulturgunean. Hainbat lagun joan zen hitzaldia entzutera, eta saioaren amaieran galderak egiteko tartea izan zuten hitzaldira joan zirenek. Arraratsek hitzaldian adierazi zuenez, Simone de Beauvoirrek liburuan azaleratu zituen gakoak oraindik ere "inoiz baino biziago" daude: "Egun, gauzak asko aldatu direla diogun arren, oinarrian sistemak berdina izaten jarraitzen du", azaldu zuen hernaniarrak.

Pentsamendu feministarentzat mugarri jo izan da Bigarren sexua, eta duela gutxi euskarara ekarri du Arraratsek, Berriako Euskara Taldeko arduradunak. Eskafandra bildumaren barruan argitaratu dute euskaratutako lana, Jakinen eta Elkarren eskutik. Liburu horren harira, Bigarren Sexua(z) Collage ikus-entzunezkoa sortu zuen Alberdik, Iratxe Fresnedarekin elkarlanean.