Abiaturen erabiltzaileek gailuak alda ditzakete dagoeneko

Uztarria.eus 2020ko mar. 5a, 10:19

Abiatu gailua.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, kaleratu duten Abiatu 2.0 berriak ordezkatuko du gaur egungo gailua. Hori dela eta, gaur egun 62.000 erabiltzailek dituzten gailuak iraungi egingo dira 2020. urtearen amaieratik 2021eko martxora bitartean. Dagoeneko eska daitezke Abiatu 2.0 aparatu berriak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duenez, Abiaturen gaur egungo gailuak Abiatu 2.0 izeneko aparatuek ordezkatuko dituzte, eta gailu berri horiek eska daitezke dagoeneko. Izan ere, Bidegik martxan jarri du dagoeneko gailuak aldatzeko prozesua. Hain zuzen ere, egun 62.000 erabiltzailek dituzten gailuak iraungi egingo dira 2020. urtearen bukaeratik 2021eko martxora bitartean. Herritarrek, beraz, gailuz aldatu beharko dute epe sasoi hori baino lehen.

Abiaturen erabiltzaileek etxean jasoko dute gailu berriaren gaineko informazioa, eta horrekin batera jasoko dituzte aparatua aldatzeko eman beharreko jarraibideak ere. 2015ean kaleratu zituzten Abiatu gailuei eragingo die aldaketak; hau da, gaur egun martxan diren aparatuen %65ari –97.000 gailu daude martxan–. Aldaketa egiterakoan, gailua iraungiko zaien erabiltzaileei emango dio aldundiak lehentasuna, baina Bidegik Abiatu 2.0 berria eskuratzeko egindako eskaera guztiak izapidetuko ditu. Gailu berria eskuratzeko epea lau astekoa dela ere jakinarazi du aldundiak. Herritarrek Bidegik Aritzetan (Donostia) duen Bezeroen Arreta Bulegoan edo etxetik hurbilen duen postetxean jasoko du gailu berria.

Aldaketak kosturik ez duela izango azaldu du aldundiak, eta tarifa zazpi eurotan mantenduko dutela. Aparatu berriek gaur egungo abantailak eta deskontuak mantenduko dituzte, eta Euskal Herritik kanpo, Espainiako nahiz Frantziako autobide guztietarako nahiz Via T-ari atxikitutako Frantziako aparkalekuetarako ere izango da baliagarria.