Adinekoen egoitzetako langileak eskuorriak banatzen aritu dira herriko kaleetan

Uztarria.eus 2020ko mar. 3a, 11:55

Azpeitiko eta Azkoitiko adinekoen egoitzetako langile talde bat beren gatazka gizarteratzen aritu da gaur Azpeitian. 10:00etan elkartu dira, eta azoka eguna aprobetxatu dute, kartelak jartzeko eta eskuorriak banatzeko. 232. greba eguna dute gaur erresidentzietako langileek; hiru urte daramatzate hitzarmena eguneratu gabe eta "zaintzaren kalitatea bermatzeko urrats irmoak" eskatzen dituzte, ELA sindikatuak azaldu duenez. "Bien bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du inolako erantzunik ematen, kontuan hartuta egoitzen %90 erakunde horrek finantzatzen duela. Martxoaren 8a datorren honetan, erakundeei eskatu nahi diegu propaganda gutxiago egin dezatela eta benetako errealitateei erantzun diezaietela. Hauxe baita berdintasunean urratsak emateko adibide garbia", adierazi du ELAk.

Sindikatuak jakinarazi duenez, honako hauek dira langileen kexa nagusiak: langileen herena baino gehiago 1.000 euroko soldatara ez da iristen; pertsona bat altxatu, garbitu, jantzi eta hari pixoihalak aldatzeko hamabost minutu baino ez dituzte izaten; egoitza askotan, bi erizain baino ez daude 140 pertsona artatzeko; gizonezkoek lan egiten duten sektoreekin alderatuta, 6.000 euro gutxiago kobratzen dituzte emakume izateagatik; eta eguneko 90 minutuko arreta baino ez dute adinekoek. "Gipuzkoako senideak ere protestak egiten ari dira, gatazkari irtenbideak eskatzeko. Gure aitona-amonen bizitza erdigunean jartzea da helburu nagusia, interes ekonomikoak eta kapitalistak alde batera utziz", erantsi du ELAk.