Xabier Albizuk Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan parte hartuko du

Uztarria.eus 2020ko mar. 2a, 14:49
Eskolarteko Txapelketaren logoa.

Ostiraleko, martxoaren 6ko, saioan abestuko du Ikaztegietako Herrigintza elkartean, eta beste lau bertsolari ere ariko dira kantuan: Ane Zubia, Irati Arakistain, Hodei Munduate nahiz Joar Garate. Saroi Jauregik egingo ditu gai-jartzaile lanak. Hiru kanporaketetako irabazleak nahiz puntuazio altuena duten beste hiru bertsolari sailkatuko dira finalera.

Ostiralean hasi zen Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa. Bat-batekoa lehiak hiru kanporaketa eta finala izango ditu, eta guztira hamasei bertsolarik parte hartuko dute. Horien artean da Xabier Albizu azpeitiarra. Hark ostiraleko, martxoaren 6ko, saioan abestuko du Ikaztegietako Herrigintza elkartean, eta beste lau bertsolari ere ariko dira kantuan: Ane Zubia, Irati Arakistain, Hodei Munduate nahiz Joar Garate. Saroi Jauregik egingo ditu gai-jartzaile lanak.

Lehen kanporaketa, joan zen ostiralekoa, Oñatiko Larrain-Gain elkartean jokatu zuten Beñat Mateosek, Ekain Tolaretxipik, Maide Garmendia, Naia Arrizabalagak eta Oibar Olanok. Unai Belaustegik jarritako ariketak egin behar izan zituzten horiek, eta epaimahaiak hala erabakita, Maider Garmendia izan zen nagusi. Aste honetako saioa pasatuta, azkena soilik faltako da. Hirugarren kanporaketa hori Ereñozuko Ur-Mia elkartean izango da martxoaren 13an. Amets Aizpurua, Ane Peritz, Jon Mendiluze, Nerea Isusi, Olatz Zuazubiskar eta Uxue Ostolaza ariko dira lehian.

Hiru kanporaketetako irabazleak nahiz puntuazio altuena duten beste hiru bertsolari sailkatuko dira finalera; saio hori Lasturko tabernan izango da apirilaren 3an. Saio guztiak afalostean izango dira eta afaltzeko txartela eskuratu nahi duenak Bertsosarrerak.eus webgunean du horretarako aukera. Sarrerak saioaren aurreko ostegun eguerdira arte izango dira eskuragarri.

Idatzizko txapelketa

Idatzizko txapelketarako saioak ere jarri dituzte dagoeneko Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak. Hain zuzen ere, goizez egingo dituzte zortzi saio martxoaren 10etik 27ra bitartean. Hitzordu horietan gaia emanda bertsoak sortzeko aukera izango dute gaztetxoek, eta ondoren, bertso saio didaktiko batez gozatzeko aukera izango dute. Azpeitian egingo dute saio horietako bat; hain zuzen ere, martxoaren 25ean izango da Basazabal jauregian.