'Bigarren sexua' liburuaren gakoak aletuko dituzte Irene Arraratsek eta Nora Alberdik

Uztarria.eus 2020ko mar. 2a, 09:30
'Bigarren sexua' euskarara ekartzeko proiektuaren parte diren kideak; erdikoa da Arrarats, eta haren eskuinekoa Alberdi. (Kultur Sharea)

Pentsamendu feministarentzat mugarri jo izan den argitalpena euskarara ekarri du duela gutxi Irene Arrarats Berriako Euskara Taldeko arduradunak. Horren harira, Bigarren Sexua(z) Collage ikus-entzunezkoa sortu du Nora Alberdi azpeitiarrak. Bi lan horiez solasean ariko dira asteazkenean, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean.

Simone de Beauvoirren Bigarren sexua lana izango dute hizpide asteazkenean Irene Arrarats itzultzaileak eta Nora Alberdi sortzaile azpeitiarrak. Pentsamendu feministarentzat mugarri jo izan da liburu hori, eta duela gutxi euskarara ekarri du Arraratsek, Berriako Euskara Taldeko arduradunak. Eskafandra bildumaren barruan argitaratu dute euskaratutako lana, Jakinen eta Elkarren eskutik. Liburu horren harira, Bigarren Sexua(z) Collage ikus-entzunezkoa sortu zuen Alberdik, Iratxe Fresnedarekin elkarlanean. Zinemagile azpeitiarrak Uztarriari elkarrizketa batean azaldu zionez, Beauvoirren bederatzi esaldi jaso dituzte film labur horretan, eta esaldi horiei lotutako egoera batzuk planteatu dituzte. "Ikus-entzunezkoaren asmoa ez da liburua laburtzea, hari laguntzeko zerbait osatzea baizik", azaldu zuen.

Ezagunak dira Bigarren sexua liburua eta haren egilea, baina zer ekartzen diote horiek XXI. mendeko euskal herritarrari? Galdera horri erantzuten saiatuko dira Arrats eta Alberdi asteazkeneko saioan, liburuaren nondik norakoak emanez eta Bigaren Sexua(z) Collage dokumentala erakutsiz. Zapalkuntzaren gaineko azterketa da Bigarren Sexua, eta liburuaren gako garrantzizko batzuk aletuko dituzte aurkezpenean, hitzez nahiz irudiz. 19:00etan izango da saioa, Sanagustin kulturgunean.