Lan eskergari esker ona

Urola Kostako Hitza 2020ko ots. 14a, 15:27
Pako Epelde. (Mailo Oiarzabal)

Azpeitiko Parrokian eta parrokian askotariko lanak eta lan asko egin ditu Pako Epeldek, umetatik. Gogo onez hartutako ardura horiek aitortza merezi dutela erabaki dute bere lagunek. Azpeitiko Parrokiaren bueltan ibiltzen diren musikariek eta beste zenbait lagunek afari berezia antolatu diote gaur gauerako.

"Omenaldia? Niri? Eta hori?". Harrituta eta "kezkatuta" dagoela aitortu du Pako Epelde Larreak (Azpeitia, 1938), Azpeitiko Parrokiaren bueltan ibiltzen diren musikariek eta beste zenbait lagunek gaur gauerako prestatu dioten afari berezia dela eta. "Bidegabekeria dela ere uste dut, ez naiz-eta parrokian lanean aritzen den bakarra". Baina ezkutuan zein agerian urte luzeetan egindako eta egiten jarraitzen duen lanak aitortza hori merezi duela erabaki dute Epelderen ingurukoek.

Ia-ia parrokian "jaio" zela dio berak, eta iarik gabe, parrokia eta Parrokia –eraikina eta erakundea– gutxik bezala bizi eta ezagutzen ditu. Soreasuko Sebastian Donearen parrokiaren atariko etxe batean sortua, aita Felix eliza hartako sakristaua zen bera jaiotzerako. 1924tik 1970eko hamarkadaren bukaera aldera arte bete zituen sakristau lanak Felix Epeldek Azpeitiko Parrokian, mende erditik gora, bizi oso bat herriko eliza nagusiari emana. Berea ez ezik, Epelde Larrea familia osoaren bizitzaren ardatz bihurtu zen parrokia.

Herentzia, atseginez

Parrokiarekiko lotura halabeharrez jaso zuen Epeldek, baina herentzian jasotakoa gustura bereganatu eta landu duela esan daiteke. Aitak ez bezala, kargurik gabe, baina sakristauei dagozkien lanetatik hasita, urteekin sakontzen eta areagotzen joan da bere borondatezko inplikazioa, baita landutako esparruak biderkatzen ere. Azpeitiko notaritzan hasi zen lanean Epelde 1958an, eta lanpostu berean hartu zuen erretiroa 2003an. Parrokiako boluntario eginkizunetatik, ordea, ez da oraindik jubilatu.

"Soldata bat, baina lanean denok", dio, sakristau kargua aitarena zela baina familia osoari eragiten ziola adierazteko. Saninazioetarako prestaketak ditu gogoan. "Elizari buelta bat ematen genion, e? Lanparak jaitsi eta garbitu, erretaulan iristen ginen tamainara arte hautsak kendu... Lurra serorek garbitzen zuten, baina bestelako elementu horiek gure kontura izaten ziren". Kanpaiak jotzea ere bai. Matxuraren bat-edo tarteko noizean behin kanpandorrera igo beharra izaten bazuten ere, bere garairako elektrifikatuta zegoen kanpaiak jotzeko sistema, eta etxetik jotzen zituztela du gogoan. Egunero hirutan, gutxienez: matutiak, goizean goiz; angelusa, eguerdian; eta azken abisua, iluntzean. Hil kanpaiak edo agoniak ere jotzen zituzten, norbait hiltzen zenero. Eta hiletak 'kategoriaren' arabera egiten ziren garaian –familiak ordaintzen zuenaren arabera, alegia–, hileta motaren arabera kanpaiak era batera edo bestera jo behar izaten zituztela ere azaldu du.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.