Karnabalak 2020

Sokamuturraren argazki lehiaketaren oinarriak plazaratu ditu AAEk

Uztarria.eus 2020ko ots. 12a, 17:56
Alberto Belokik irabazi zuen iazko lehiaketa, argazki honekin.

Karnabaletako sokamutur saioetan ateratako zuri-beltzezko argazkien artean bost sari banatuko ditu Azpeitiko Argazki Elkarteak, eta Inauteri giroko koloretako argazki onenaren sari berezia ere bai. Otsailaren 23an, 24an eta 25ean aterako dute aurten sokako zezena kalera. Argazkiak lehiaketara aurkezteko epea, berriz, martxoaren 5eko 22:00etan itxiko da.

XLI. Sokamuturra Argazki Lehiaketa-Imanol Elias Sariaren oinarriak prest ditu dagoeneko Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE). Iaz, lehiaketaren 40. urteurrena kari bilduma onenaren sari berezia gehitu ondoren, aurten ohiko sarien formulara itzuliko da karnabaletako sokamutur saioetan ateratako argazkiak oinarri dituen lehiaketa. Aurten, otsailaren 23an, 24an eta 25ean aterako dute sokako zezena kalera.

Horrela, sokamuturraren zuri-beltzezko argazkien artean bost sari banatuko ditu AAEk: argazki onenaren egileak 365 euro eta garaikurra jasoko ditu; bigarren sailkatzen denak, 235 euro eta garaikurra; hirugarrenak, 200 euro eta garaikurra; laugarrenak, 120 euro; eta bosgarrenak, 80 euro. Lehiakide bakoitzak gehienez bost argazki aurkeztu ahal izango ditu sokamuturraren atal nagusirako. Horiez gain, Inauteri giroko argazkien Iñaki Altzarte sari berezirako (150 euro eta oroigarria) ere aurkez ditzakete lanak; kasu horretan, koloretako argazkiak soilik onartuko dituzte, eta lehiakide bakoitzak bi argazki aurkezteko aukera izango du.

Argazki guztiak, sokamuturrarenak zein Karnabal girokoak, bi euskarritan aurkeztu beharko dituzte lehiakideek: 20x30 zentimetroko paperean, atzean argazkiaren izenburua eta egilearen izen-abizenak, helbidea eta telefono zenbakia idatzita; eta CD batean ere bai, argazkiak JPG erako artxiboan gordeta. Argazkiak bi formatuetan aurkezten ez dituzten lehiakideak "kanporatuak" izango direla ohartarazi dute antolatzaileek.

Argazkiak pakete batean edo itxitako gutunazal batean bidali beharko dira AAEk emandako bi helbideetako batera: Azpeitiko 326 PK-ra edo Dinamoa Sormen Guneko 1. solairura (Soreasu auzoa, 1). Argazkiak lehiaketara aurkezteko epea martxoaren 5eko 22:00etan itxiko da; egun eta ordu horretarako argazki elkartean egon beharko dute argazkiek.

Sari banaketa eta erakusketa, martxoaren 14an

Martxoaren 14an irekiko dute aurten sokamuturraren argazki lehiaketaren erakusketa, eta AAEk ohi duenez, erakusketa horren irekierarekin batera, 13:00etan, banatuko ditu lehiaketaren sariak; erakusketaren tokia ez dute zehaztu oraindik.

Gainera, erakusketara joaten diren ikusleek gustukoen duten argazkiaren alde botoa eman eta sari herrikoian parte hartzeko aukera izango dute. Sari hori irabazten duen argazkilariak oroigarri bat jasoko du, eta bozketan parte hartzen duten ikusleen artean erakusketako hamar argazkiren 20x30eko anpliazioak zozkatuko ditu AAEk.