Iker Martinezek eta Zaldi Herrenak taldeak kontzertua emango dute gaur Orkatzen

Uztarria.eus 2020ko ots. 14a, 09:28
Iker Martinez eta Zaldi Herrenak.

Oñatiko musikariaren bakarkako bigarren diskoa, Lurralde berriak, aurkeztuko dute gaurko emanaldian. Kontzertua 22:30ean hasiko da.

Orkatz kultur elkarteko oholtza zapalduko dute gaur gauean Iker Martinezek eta Zaldi Herrenak taldeak. Oñatiko musikaria Latzen, Potemkin, Amonal eta Lenao taldeetan aritutakoa da, eta bakarkako ibilbidean murgilduta dabil orain; bakarka, baina ez bakarrik, Zaldi Herrenak taldearekin ondu baitu disko berria, eta talde horrekin batera ari da lana aurkezteko kontzertuak ematen.

2017an argitaratu zuen Martinezek bakarkako lehen diskoa, Itzalen mundua, eta joan den udazkenean plazaratu zuen Lurralde berriak, gaurko Azpeitiko kontzertuaren ardatza izango den lan berria. 22:30ean hasiko da emanaldia.