Jendez eta algaraz bete dute Soreasu, Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek

Uztarria.eus 2020ko ots. 1a, 18:12

Soreasu antzokia jendez, kolorez eta algaraz bete dute gaur, zapatua, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek. Bizi dantza izeneko ikuskizun berriaren bi emanaldi eskaintzera etorri dira gaur Azpeitira, eta gogotik gozatu dute aurreneko emanaldira bertaratu diren ehunka lagunek.

Aurreneko saioa 16:00etan hasi da, eta ordurako jendez goraino beteta zegoen antzokia. Pirritxekin, Porrotxekin eta Marimototsekin oholtzan izan dira Azpeitiko dantza taldeetako hainbat gaztetxo ere, pailazoekin batera dantzatzen eta kantatzen. Horiez gain, besteak beste, Tximeleta, Astoa, Marmoka, Behia, Txerria eta Elefantea ere igo dira Soreasuko oholtzara, eta denek elkarrekin eskaini dute musikaz jantzitako Bizi dantza

Bigarren emanaldia 18:30ean hasita eskainiko dute, eta ikuskizunerako hamar sarrera soilik gelditzen dira leihatilan.

Uztaro haurreskolako guraso elkarteak antolatu ditu saioak, udalaren eta Kulturaz kooperatibaren laguntzarekin. Bildutako dirua haurreskolako sukaldea eta bertako produktuz osatutako menuak bermatzeko eta bultzatzeko erabiliko dutela azaldu dute Uztaroko kideek.