'Richard Jewell' eta 'Turuleka oiloa' filmak emango dituzte asteburuan

Uztarria.eus 2020ko urt. 23a, 10:00

Richard Jewell eta Turuleka oiloa filmak emango dituzte asteburuan Soreasu antzokian. Zapatuan (22:00), igandean (19:30) nahiz astelehenean (21:00) ikusi ahal izango da Richard Jewell, eta zapatuan nahiz igandean Turuleka oiloa (16:30). Emanaldietarako sarrerak Kulturaz.eus webgunean eros daitezke aurrez, baina emanaldien egunetan salgai jarriko dituzte Soreasuko lehiatilan.

Richard Jewell 2019an AEBn ekoiztutako drama generoko filma da, eta Clint Eastwood da lanaren zuzendaria. Honako hau da film horren sinopsia: "Benetan gertatutako istorio batetan oinarrituta dago. Estatu Batuetako segurtasun-guardia batek, Richard Jewellek (Paul Walter Hauser), 1996ko Olinpiar Jokoetan milaka bizitza salbatuko ditu bonba bat aurkitu ostean. Hala ere, ez da bera heroitzat hartuko eta prentsak terrorista bailitzan salatuko du. Susmagarri nagusi bihurtzen denean, Richardek Watson Bryant abokatua (Sam Rockwell) kontratatzen du. Bryantek bere bezeroaren errugabetasunean sinesten du eta poliziari aurre egiteko prest dago".

Turuleka oiloa, berriz, aurten Espainian ekoiztutako animazio filma da. Honako hau da lan horren sinopsia: "Turuleka oso oilo berezia da. Itxura xelebrea duelako eta arrautzarik errun ezin duelako, beste oiloek barre eta iseka egiten diote, harik eta halako batean, Ixabelek, musika andereño erretiratu batek, berarekin bizitzera baserrira eramaten duen arte. Han, adiskidetasun giroan eta zoriontsu, oiloak bere dohain ezkutua aurkituko du: Turuk hitz egin dezake! Eta abesten ere badaki, izugarri ondo gainera! Gure laguntxoa, duen musikarako dohain zoragarriari esker, Daedalus zirku handiko izar bihurtuko da. Ordura arteko bidea ez da batere erraza izango, ordea, Damian Maltzur gaiztoak berarentzat hartu nahi baititu zirkua... eta Turuleka harrigarria".