Udalak harrera egin die Juaristi ISB taldeko jokalariei

Uztarria.eus 2019ko abe. 29a, 19:51

Egun gogoangarria izan zen atzo, zapatua, Juaristi ISBko jokalarientzat, Espainiako Zilarrezko LEB Mailako Kopa irabazi baitzuten kiroldegian jokatutako partidan. Biharamuna ere samurra izan dute saskibaloi jokalariek, Azpeitiko Udalak harrera egin baitie udaletxean. Hasteko, Perez Arregi plazatik abaituta kalejiran joan dira plazaraino Juaristi ISB taldekoak Udal Musika Bandarekin batera, eta bertan, zain zuten hainbat jarraitzaile. Ondoren, udaletxera igo dira jokalariak eta Nagore Alkorta alkateak eta Egoitz Arruti kirol zinegotziak esker onak izan dituzte haientzat; horren ostean, berriz, udaletxeko balkoira atera dira jokalariak jarraitzaileei hitz batzuk esatera.