Binakako Erremonte Txapelketaren finala jokatuko dute bihar Matxin III.ak eta Barrenetxea IV.ak Urrizaren eta Larrañagaren aurka

Uztarria.eus 2019ko abe. 27a, 20:16
Finaleko laukotea, atzo, aukeratutako materialarekin, Galarretan (Oriamendi).

Hernaniko Galarreta frontoian jokatuko dute finala, 16:00etan hasita. Finalaren lekuan bertan egin zuten atzo pilota aukeraketa, eta erremontistek jakinarazi zutenez, bi bikoteek estrategia guztiz ezberdinak erabiliko dituzte finalean nagusitzeko. 

Hitzordu garrantzitsua du bihar Xuban Oiarzabal Matxin III.a erremontista azpeitiarrak. Izan ere, 49. Binakako Erremonte Txapelketaren finala jokatuko dute bihar, zapatua, Matxin III.ak eta Barrenetxea IV.ak Urrizaren eta Larrañagaren aurka, Hernaniko Galarreta frontoian. Finalerdian Juaneneari eta Azpirozi 40-35 irabazita lortu zuten finalerako txartela Matxin III.ak eta Barrenetxea IV.ak.

Atzo, abenduak 26, aukeratu zituzten finalean erabiliko dituzten pilotak Binakako Erremonte Txapelketaren finalera sailkatu diren lau erremontistek. Bi bikoteek estrategia ezberdinak aukeratu dituzte finalean nagusitzeko: Matxin III.ak eta Barrenetxea VI.ak pilota biziak aukeratu zituzten, joko garaia eta bizkorra nagusitzeko. Urriza-Larrañagak, berriz, pilota motelagoen alde egin zuten, bikote gorriaren guztiz kontrako helburuarekin, jokoa azpitik gehiago garatu dadin.

Matxinbentako aurrelariarentzat binakako bigarren finala izango da biharkoa. Aurrenekoa 2015ean jokatu zuen, Ionekin batera. Orduko hartan, Ezkurra eta Endikaren aurka galdu zuten finala.

Biharko erremonte jaialdia 16:00etan hasiko da, Juanenea-Zubiriren eta Aldabe-Azpirozen partidarekin. Finala, berriz, 16:30ean hasiko da, eta zuzenean emango dute EITB1en.