Sakabanaketaren ondorioz Josu Urbieta 'Pow' presoaren lagun batek auto istripua izan duela salatu du Etxeratek

Uztarria.eus 2019ko abe. 23a, 20:19

Mont de Marsango (Frantzia) espetxean dago Urbieta, eta hura bisitatzera bidean izan zuen istripua presoaren lagunak. Abenduaren 18an gertatu zen ezbeharra, Zestoatik Zumaiarako bidean. Etxeratek jakinarazi duenez, dispertsioak eragindako urteko bederatzigarren auto istripua da jazotakoa.

Josu Urbieta Pow preso azpeitiarraren lagun batek istripua izan zuen joan den abenduaren 18an, Mont de Marsango (Frantzia) espetxera bidean. Urbieta Mont de Marsanen dago preso, Azpeititik 195 kilometrora. Etxerat elkarteak gaur eman du istripuaren berri, eta salatu du Azpeitiko bizilagunak espetxera bidean izandako ezbeharra dispertsioak eragindako urteko bederatzigarren auto istripua izan dela.

Etxeratek jakinarazi duenez, istripua 05:40etan gertatu zen, Zestoatik Zumaiarako bidean: "Euskal presoaren lagunaren kotxeak aurretik zihoan kotxe baten kontra jo zuen. Zorionez, Urbietaren lagunak ez zuen kalte larririk jasan. Ondoren, beste kotxe batean jarraitu zuen bidaia, eta bisitara garaiz iritsi zen".

Elkarteak eman dituen datuen arabera, 30 urtetan 1.000 zauritu inguru eta 16 hildako eragin ditu dispertsioak. Hori dela eta, Etxeratek sakabanaketarekin amaitzeko galdegin du: "Presoen senideei eta lagunei ezarritako kondenari amaiera jartzea, dispertsioak eragindako hildakoen aitortza lortzea eta preso guztiak Euskal Herrira ekartzea premiazkoa da, gertatutako istripua bezalakoa inoiz gehiago gerta ez dadin".