Esku pilota profesionaleko partidak antolatu dituzte urtarrilaren 3rako Izarraitz pilotalekuan

Uztarria.eus 2019ko abe. 20a, 13:31
Egoitz Arruti, Jon Alberdi, Julen Egiguren eta Xabier Aldalur. (Azpeitiko Udala)

Promozio eta lehen mailako esku pilota partidak jokatuko dira urtarrilaren 3an, ostirala, Izarraitz pilotalekuan. Pilota jaialdian Alberdi eta Egiguren V.a pilotariek elkarren aurka jokatuko dute. Sarrerak salgai jarri dituzte dagoeneko.

Urtarrilaren 3rako esku pilota profesionaleko jaialdia antolatu dute Ilunpe pilota elkarteak eta Azpeitiko Udalak, elkarlanean. Promozio mailako binakako txapelketako eta lehen mailako partida bana jokatuko dira Izarraitz pilotalekuan, 22:00etan hasita. Jon Alberdi (Azpeitia, 1999) eta Julen Egiguren (Azpeitia, 2000) Egiguren V.a elkarren aurka ikusteko aukera izango da jaialdian. Izan ere, Promozio mailako binakako txapelketaren barruan, Alberdik eta Salaberriak Egigurenen eta Erostarberen kontra jokatuko dute. Norgehiagoka horren ondoren, lehen mailako pilota partida izango da, Bengoetxea VI.ak eta Mariezkurrenak Altuna III.aren eta Ladis Galarzaren artekoa.

Sarrerak, salgai

Pilota jaialdirako sarrerak dagoeneko salgai jarri dituzte entradasfronton.com webgunean. Kantxako sarrerek 25 euro balio dute eta goiko palkokoek 20 euro. Pilota partiden egunean bertan, urtarrilaren 3an, Izarraitz pilotalekuko leihatilan jarriko dutere sarrerak erosteko aukera, 18:00etatik aurrera. 16 urtetik beherakoek doan sartu ahal izango dute pilotalekura.