Igandean bukatuko da ISBren Kopako finalerako sarrera aurrez erosteko aukera

Uztarria.eus 2019ko abe. 20a, 11:35

Abenduaren 28an Espainiako saskibaloiko Zilarrezko LEB Ligako kopako finala jokatuko dute Juaristi ISBk eta Gironak, 19:00etan, Azpeitiko kiroldegian. Partida horretarako sarrerak aurrez erosteko epea abenduaren 22an, igandean, bukatuko da. Iraurgi SBko bazkideek aukera izango dute hiruna sarrera erosteko, bakoitza 5 euro ordainduta.

Juaristi ISBk abenduaren 28an Azpeitiko kiroldegian jokatuko du Zilarrezko LEB Ligako Kopako finala (19:00etan hasita). Partida bakarrera jokatuko dute kopa, eta norgehiagokarako sarrerak igandera bitartean eskuratuko ahalko dira aurrez. Gaur, 18:00etatik 20:00etara Azpeitiko kiroldegiko leihatilan erosi ahalko dira sarrerak. Bihar eta etzi, berriz, Añares ISBk eta Juaristi ISBk Azkoitiko Elkargunean jokatuko dituzten partidetan ere eskuratu ahalko dira sarrerak.

Iraurgi saskibaloi elkarteko bazkideek hiruna sarrera eskuratzeko aukera izango dute, bakoitza bost euro ordainduta. Gainontzekoek hamabost euro ordaindu beharko dute sarrera bakoitza. 5 urtetik 18 urtera bitarteko gazteek bost eurotan eskuratu ahalko dute.

Juaristi ISBk eta Gironak jokatuko dute Espainiako saskibaloiko Zilarrezko LEB Ligako Kopako partida hilaren 28an Azpeitiko kiroldegian, 19:00etan. Kopako partidaren bueltan, egun osorako egitaraua prestatuko du ISBk. Goizean, 10:00etatik 12:00etara, 3x3ko saskibaloi partidak jokatuko dituzte Iraurgiko teknifikazio eskolako haurrek Azpeitiko plazan; 300 haur ariko dira saskibaloian jolasean. Parte hartzaileentzako txokolate-jana ere antolatuko dute Iraurgi SBkoek.

Asteburuko partidak, Azkoitian

Asteburu honetan Azkoitian jokatuko dute ISBko bi talde nagusiek. Añares Rioja ISBk Pacisa Alcobendas taldearen kontra jokatuko du bihar, zapatua, 18:00etan. Igandean, berriz, Juaristi ISBren txanda izango da. Bierza Fitness Dentomedic CDP taldearen aurka jokatuko du Azkoitiko kiroldegian, 18:00etan hasita.