Martin Mendizabalek eta Xabier Aranburu 'Guzta'-k 200 Kiloko Harri Errektangular Txapelketan parte hartuko dute

Uztarria.eus 2019ko abe. 18a, 19:13
Mendizabal Landetako jaietako herri kirol erakustaldian, Guzta aldamenean laguntzen duela.

30 urte eta gero berreskuratu dute txapelketa, eta abenduaren 22an, igandez, jokatuko dute Asteasuko (Gipuzkoa) pilotalekuan 12:00etan. Hamabi harri-jasotzaile ariko dira lehian, tartean Mendizabal azpeitiarra eta Guzta Urrestillako bizilaguna. Kirolariek hiru minutuko txanda izango dute 200 kiloko harri errektangularrari ahalik eta jasoaldi gehien emateko.

Azkenengoz duela 30 urte jokatu zuten harri-jasotzaile lehia berreskuratuta, 200 Kiloko Harri Errektangular Txapelketa jokatuko dute igandean, abenduak 22, Asteasuko (Gipuzkoa) pilotalekuan. 12:00etan hasiko da hamabi harri-jasotzaile nor baino nor ariko diren lehia. Tartean izango dira Martin Mendizabal azpeitiarra eta Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilaguna. Horiez gain, txapelketan parte hartuko dute Joseba Ostolazak, Inaxio Perurenak, Jon Unanue Goenatxo III.ak, Julen Diazek, Aimar Galarragak, Gorka Etxeberriak, Iñigo Eizagirre Eizak, Jokin Eizmendik, Aimar Irigoienek eta Xabier Peñagarikanok.

Duela 30 urteko arau berekin jokatuko dute txapleketa: hiru minutuko bi txanda izango ditu harri-jasotzaile bakoitzak. Jasoaldi gehien lortzen dituena izango da txapelduna. Dena den, lanak eginda jasoaldietan berdinketa suertatuko balitz, hiru jasoaldi nork azkarrago egin lehiatu beharko dute kirolariek.

Duela ia 30 urte Jesus Mari Unanue Goenatxo I.a harri-jasotzaile azkoitiarrari egindako omenaldian egin zuten lehen aldiz 200 Kiloko Harri Errektangularren Txapelketa. Ezaugarri horiekin jokatutako azken txapelketa izan zen Asteasun egin zutena. Orduan, Juan Jose Unanue Goenatxo II.a azkoitiarrak irabazi zuen lehia. Saralegirekin batera 22 jasoaldi egin zituen hark, baina txapela Goenatxo II.arentzat izan zen. Txapelketa hartan 16 harri-jasotzailek parte hartu zuten; aurten, berriz, hamabi kirolari ariko dira.