Pertsonen salerosketari buruzko argazki erakusketa zabalduko dute bihar Loiolako Santutegian

Uztarria.eus 2019ko abe. 22a, 11:25

Loiola Zentroak prestatutako irudi bidezko erakusketa bihar, astelehena, 15:30ean irekiko dute, eta urtarrilaren 3ra arte izango da zabalik egunero, 10:00etatik 13:00etara eta 15:30etik 18:30era. Salerosketaren biktima izan diren hainbat lagunen bizipenak jaso dituzte 44 argazkiz lagunduta.

Loiola Zentroak argazki erakusketa bat zabalduko du bihar, astelehena, 15:30ean, Loiolako Santutegian. Gizakien salerosketari buruzko erakusketa izango da, eta urtarrilaren 3ra arte egongo da zabalik. Epe tarte horretan egunero izango da ikusgai 10:00etatik 13:00etara eta 15:30etik 18:30era bitartean. Basilikatik sartu beharko da Puntu eta aurrera. Bizitzak gehiago egin dezake izeneko erakusketara.

Erakusketak hiru oinarri ditu: salerosketa sufritu duten pertsonak; axolagabetasun eta esplotazio egoeretatik askea den bizitzarekiko itxaropena; eta Elizaren nahiz gizartearen inplikazioa. Salerosketaren biktima izan diren hainbat lagunen bizipenak jaso dituzte 44 argazkiz lagunduta; izan ere, Loiola Zentroko kideek azaldu dutenez, milaka pertsonek segitzen dute gaur egun esklabotasun egoeran. "Pertsonen salerosketak miloika euro mugitzen ditu. Arma-trafikoaren ondoren, munduko bigarren negozio indartsuena da, eta ezin dugu beste aldera begiratu", azaldu dute Loiola Zentroko kideek.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide