Matxin III.a Binakako Erremonte Txapelketaren finalerdietara sailkatu da

Uztarria.eus 2019ko abe. 9a, 17:00
Matxin III.a (Argazkia: Maialen Andres)

Azken jardunaldian lortutako puntuei esker, Binakako Erremonte Txapelketako finalerdietarako sailkapena lortu dute Matxin III.a azpeitiarrak. Ion atzelari azpeitiarra, berriz, txapelketatik kanpo gelditu da. Txapelketa bukatu bitartean, Xabier Azpiroz Larraungo atzelaria izango du bikote Matxin III.ak.

Xuban Oiarzabal Matxin III.ak Binakako Erremonte Txapelketaren finalerdietarako txartela lortu du asteburuan. Matxin III.ak eta Endikak 40 eta 18 galdu zuten Juanenearen eta Barrenetxea IV.aren aurkako partida. Emaitza hori tarteko, sailkapen orokorrean berdinduta bukatu dute txapelketaren lehen fasea Matxin III.ak eta Juaneneak; hogeina puntu lortu dituzte, baina Matxin III.ak aldeko tanto gehiago zituen. Ondorioz, azpeitiarrak lortu du berdinketa haustea eta finalerdietara sailkatzea. Ion Etxeberria atzelari azpeitiarrak, berriz, ez du lortu finalerdietara sailkatzerik. Hamabost puntu batu ditu sailkapen orokorrean, eta txapelketatik kanpo gelditu da.

Bikote aldaketa finalerdietan

Guztira, sei erremontista sailkatu dira finalerdietara. Puntu gehien batu dituen aurrelaria puntu gutxien batu dituen atzelariarekin ariko da txapelketa amaitu bitartean, eta puntu gutxien batutako aurrelaria puntu gehien egin dituen atzelariarekin; bigarren aurrelaria eta atzelaria, berriz, elkarrekin arituko dira. Horrenbestez, Uterga eta Larrañaga, Urriza eta Barrenetxea IV.a eta Matxin III.a eta Azpiroz dira bikote berriak. 

Datorren ostegunean, abenduak 12, hasiko dira Binakako Erremonte Txapelketako finalerdiak, eta Utergak eta Larrañagak Urriza eta Barrenetxea IV.a izango dituzte aurkari. Irabazleek, berriz, Matxin III.a azpeitiarraren eta Azpirozen aurka jokatu beharko dute, abenduaren 14an. Finala abenduaren 28an izango da. Partida guztiak Hernaniko Galarreta pilotalekuan izango dira.