Urolakoen Napar Zuzterrak taldeak antolatuta, Arantzazu harriz herri dokumentala ikusi ahal izango da bihar, asteazkena, Basazabal jauregian, 19:00etan hasita. Duela 50 urte, artearen eta arkitekturaren Euskal Herriko erreferentziazko lekua bilakatu zen Arantzazu, Jorge Oteizak egindako hamalau apostoluak bere lekuan jartzea lortu zutenean. Hamabost urte baino gehiagoko debekuaren ostean lortu zuten hori. Gertakari hartatik abiatuta eta Gipuzkoako basilika nagusiak memoria leku bezala duen garrantzia azpimarratuz Nabarralde Fundazioak Arantzazuren inguruan osatutako dokumentala da Arantzazu harriz herri. Angel Rekaldek –hura da dokumentalaren gidoilarietako bat– egingo du ikus-entzunezkoaren aurkezpena Basazabalen, eta haren inguruko hainbat azalpen emango du. Bi hizkuntzatan, euskaraz eta gaztelaniaz, dago osatuta lana.