Euskararen aldeko jaia egin dute Elkargunean

Uztarria.eus 2019ko abe. 6a, 21:38

Joan den asteartean Euskararen Nazioarteko Eguna izan zen, eta hori ospatzeko hainbat ekintza egin zituzten herriko ikastetxeetan. Sanagustin kulturgunean ere ekitaldia antolatu zuen Azpeitiko Udalak. Gaur Elkar-ekinen txanda izan da, eta ostirala dela aprobetxatuta, euskararen aldeko jaia ospatu dute Soreasuko elkargunean, 19:30ean hasita. Izan ere, Elkar-ekinek ere urte guztian zehar egiten du lan euskara zabaltzeko eta herriratzeko. Horren adibide dira Elkar-ekineko kideek eskaintzen dituzten Mintzalagun saioak. 

Ekitaldia hastean, euskaraz ikasten ari diren jatorri ezberdinetako lau herritarrek hartu dute hitza, eta euskaraz solastu dira Elkargunera bertaratu direnei beren bizipenak eta esperientziak azaltzeko. Ondoren, Deñe Garcia Bravo abeslariak berak konposatutako hiru kantu eskaini ditu. Horren ostean bertsoak iritsi dira, eta iaz bezala, Imanol Albizu bertsolaria aritu da kantuan. Festa borobiltzeko euskaraz hitz eginez mokadutxoa dastatu dute Elkargunera bertaratu diren lagunek.