Aimar Irigoien: "Ahalik eta lan onena egitera joango naiz biharko txapelketara"

Urola Kostako Hitza 2019ko abe. 6a, 11:53
Aimar Irigoien. (Ibon Errazu)

Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa jokatuko dute bihar Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, eta iazko edizioan parte hartu ez bazuen ere, biharkoan lehiatuko da Aimar Irigoien errezildarra. Onena ematen saiatuko da.

Euskal Herriko harri handietan txapeldunetan txapeldunena da Aimar Irigoien (Errezil, 1986). Bederatzi aldiz izan da txapelduna; iaz, ordea, ez zuen parte hartu, min hartuta zegoelako. Lana tarteko, harri-jasotzen aritzeko lehen adina denbora ez duela dio. Bihar, ordea, lan txukuna egitea gustatuko litzaioke Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko den Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan.

Gaur-gaurkoz, Gipuzkoako harri handietan txapelduna da Irigoien. Urriaren 13an jokatu zuten txapelketa hori Zizurkilen (Gipuzkoa), eta 6.675 kilo altxatu zituen errezildarrak. Haren atzetik bigarren egin zuen Eizmendik, 5.770 kilo jasota.

Zer moduz aurkitzen zara Euskal Herriko Harri Handien Txapelketarako?

Ahal den ondoena prestatzen saiatu naiz, baina ez da erraza. Harri desberdinekin nabil azkenaldi honetan, harri nahasketa handiarekin, alegia. Justu, harri handien txapelketa honetarako gutxi samar entrenatu dut.

Gutxi samar entrenatu duzula diozu. Zergatik?

Orain dela urte batzuk entrenamendu bikoitzak egiten nituen. Lehen, astean bi edo hiru aldiz entrenatzen nuen; orain, baina, aste batzuetan behin bakarrik aritu naiz. Gaur egun, lana eta beste gauza batzuk tarteko, ez dut denborarik hartzen entrenatzeko. Garai batean ez bezala, gaur egun harri-jasotzea hobby gisa hartzen dut; alegia, daukadan denbora librea eskaintzen diot kirol horri.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.