25 urte, martxan

Uztarria.eus 2019ko abe. 6a, 12:42

1994an inauguratu zutenetik, milaka bisitari izan da Burdinbidearen Euskal Museoan. 40 tren zeuden hasieran, eta orain, berriz, 87. Museoari eskanitakoa da 2019ko azaroko Uztarria aldizkarian Klik! argazki erreportajea, museoak utzitako irudiekin eta Nora Alberdi kazetariaren testuekin.

Geltokia

Museoa bi fasetan egin zuten: zati bat 1992an zabaldu zuten, eta 1994an ireki zuten gainerakoa. Museoa inauguratu zutela 25 urte dira, beraz. Urolako trena, berriz, 1926tik 1986ra arte izan zen martxan. Horrenbestez, tren geltokia abandonatuta izan zen hainbat urtez, museoa zabaldu zuten arte. 1926ko otsailaren 22koa da irudia, Azpeitiko tren geltokia inauguratu zuten egunekoa.

 

Urolako trenaren tailerra

36ko gerraren ostean, 60ko hamarkadan, autoen aldeko apustua egin zuten Europan, garraiobide publikoak baztertuta. Urte luzez ez zen garraio publikoaren aldeko inbertsiorik egin, eta tren asko zaharkituta gelditu ziren. Urolako trena, adibidez, inauguratu zuteneko bagoiekin eta makinekin izan zen martxan, kendu zuten arte. Irudian, museoko harribitxietako bat, Urolako trena zenaren 1926ko tailer mekanikoaren instalazio originala.

 

Ondarearen garrantzia

Pixkanaka, gizartearen pentsaera aldatzen hasi zen. Tren eta errai berriak erosi zituzten erakundeek, eta ohartu ziren tren zahar haiek historia zutela. 1989an trenen eta materialen inbentarioa egin zuen Juanjo Olaizolak, museoaren gaur egungo zuzendariak. Ondarea ikusita, museoa egitea erabaki zuten. "Txatarreroei eskuetatik kendu genizkien lehen lokomotoreak", dio Olaizolak. Irudian, museoan ikusgai dauden Bilboko eta Zaragozako tranbiak.

 

Haziz joan da

Museoak bete dituen 25 urteen balorazio positiboa egin du Olaizolak: "Herrian nabaritzen da museoaren eragina; asteburuetan jende ugari joaten da, eta museotik herrira ere iristen da jende hori. Bilduma ere babesten eta pixkanaka handitzen joan gara; pentsa, 40 trenekin hasi ginen, eta orain, 87 ditugu". Egun, Euskotreneko lau kidek egiten dute lan museoan, eta boluntario talde bat aritzen da laguntzen. Irudian, Espinal lokomotora (1887), museoko zaharrena.

 

Lasaoraino

Museoaren ibilbidean oso urte garrantzitsua izan zen 1998a; izan ere, orduan zabaldu zuten trenbidea Lasaora. Juanjo Olaizolak dioenez, Burdinbidearen Lagunak elkarteko kideek argi zuten trenak erabili egin behar zirela. "Tren bat ez da kontenplatzeko, jendea ibiltzeko baizik", aitortu du Olaizolak. 1998an Lasaorako trenbidea ireki zuten egunekoa da irudia.

 

Bisitak, irudiak

Leku askotatik iristen dira bisitariak Burdinbidearen Euskal Museora. Astegunetan, batez ere, taldeak izaten dira bisitan, eta asteburuetan, berriz, familiak. "Bisitariak harrituta gelditzen dira, ez baitute espero herri batean halako aberastasuna egoterik". Bestalde, askotan erabili izan dute museoa filmak-eta grabatzeko. Irudian, La Buena Nueva filmaren grabaketako irudia.

 

Aukera bakarrenetarikoa, Azpeitian

Lurrunezko makina batean ibiltzea ez da ohikoa gaur egun. Espainian ez dago aukera handirik –Gijon, Madril eta Teruel dira salbuespenak–, eta Euskal Herrian aukera bakarra Azpeitian eskaintzen da. Britainia Handian, ordea, 800 lurrunezko lokomotora daude martxan, eta 200 museo daude zabalik. Irudia 2019ko urriaren 5ekoa da; izan ere, egun hartan 1965eko Alsthom Diesel lokomotorarekin eta beste lau lurrunezko lokomotorarekin –1888ko Zugastieta, 1898ko Aurrera, 1920ko Euzkadi eta 1913ko Portugal– osatutako trena jarri zuten martxan Azpeitia eta Lasao arteko trenbidean.

 

Etorkizunera begira

Etorkizunera begira jarrita, Olaizolaren nahia da museoaren instalazioak handitzea. Bestalde, azpiegituraren zuzendariak uste du polita izango litzatekeela trena Zestoara edo Zumaiara iristea eta museoa euskal trenbide sarearekin lotzea: "Bisitariak autoz etortzen dira, baina bisitarien mugikortasuna jasangarriagoa izan dadin, ederragoa litzakete haiek trenez etorriko balira". Irudian, geltokia museo bilakatzeko 90eko hamarkadan egin ziren eraberritze lanak.