Autobusa ordezkatuz taxi zerbitzua jarri dute, Azpeitia eta Errezil arteko errepidea konpondu bitartean

Uztarria.eus 2019ko abe. 2a, 17:28

Azpeitia eta Errezil arteko errepidea moztuta dago azaroaren 19tik, bide zati bat hondoratu zelako. Ordutik, Azpeitia eta Tolosa arteko UK02 autobus zerbitzua ez da Errezildik igarotzen, Urrakitik Bidaniara joaten da. Errepidea konpondu eta autobus zerbitzua berriro betiko moduan martxan jarri bitartean, taxi bidezko zerbitzua eskainiko du Lurraldebusek.

Azpeitia eta Errezil arteko errepidea konpondu eta autobus zerbitzua martxan jarri bitartean, taxi zerbitzu berezia jarri du Lurraldebusek. Zerbitzu osagarri hori astegunetan, astelehenetik ostiralera, eskainiko dute UK02 (Azkoitia-Azpeitia-Errezil-Bidania-Goiatz-Albiztur-Tolosa) autobus zerbitzuarekin lotura bermatuz. Taxi zerbitzu berezia erabili ahal izateko, ordea, aurretik eskaera egin beharra dago 900-30 03 40 telefono zenbakira deituta (doako telefonoa da). Taxi zerbitzuaren eskaera egiteko ordutegia 08:00etatik 20:00etara artekoa da. Goizeko lehen orduko autobusaren ordezko taxi zerbitzua eskatzeko bezperan deitu beharko da aurrez aipatutako telefono zenbaki horretara, eta bestela autobusa jatorritik irten baino 90 minutu lehenago.